Etorkizun oparoa ikusten da gure ontzi zuri-gorriaren brankaganetik. Liga txapelketa amaitzear dago eta Ernesto Valverderen taldeak bere eskuetan dauka Europa Leaguerako txartela eskuratzea. Ez dugu beste zelaietara begiratu behar. Ez gara lehiakideen hutsen zain egon behar. Hiru partidu geratzen dira Liga txapelketa amaitzeko eta eta hirurak irabazita sailkapeneko zazpigarren postuan bukatuko du Athleticek eta ondorioz, Europa League txapelketan parte hartzeko aukera izango luke. Horretarako, baina, Valverderen gizonek ezin dute huts egin Deportivo, Elx eta Vila-realen aurka. Denboraldian gauzak zelan joan diren ikusita, inor gutxik esango zuen Athletic Europa Leaguerako sailkatuko zela. Azken urratsa baino ez da falta.

Ezer baino lehen barkamena eskatu nahi diot Ernesto Valverderi. Aitortu behar dut ez nuela uste -eta nire moduan Athletic zale askok eta askok- taldeak Vicente Calderonen punturen bat lortuko zuenik. Berez, Atletico de Madrid aurkari zaila bada, are gehiago Aduriz, Muniain, Balenziaga eta Beñat barik. Gainera, Valverdek zelairatutako hamaikakoa ikusita, ematen zuen norgehiagoka ez zela gaitza izango Cholo Simeoneren gizonentzat. Athleticek, baina, lan itzela egin zuen Manzanaresen. Aurkariari ondo eusteaz gain, zuri-gorriek ez zioten uko egin erasoari eta aukerak sortu zituzten Koltxoneroen ate aurrean. Athletic ondo lehiatu zen egungo Liga txapeldunaren zelaian. Vicente Calderonen emandako irudiak ez du zerikusirik Kordoban edota euskal derbian emandakoarekin. Puntu bakarra eskuratuta itzuli ziren zuri-gorriak Bilbora baina puntu horren balioa itzela da. Manzanaresen egindako partiduak indar handia emango dio taldeari denboraldiaren azken txanparako. Beste alde batetik, Athletic zaleontzako gauza ederra da Unai Bustinza, Unai Lopez, Williams eta Guillermo “lehoikumeak” lehen taldean batera joka-tzen ikustea, Iturraspe, Etxeita edo San Josegaz batera. Hori da Athletic.

Valverdek zazpi aldaketa egin zituen hasierako hamaikakoan eta jokatzeko aukera izan zutenek ondo gainditu zuten azterketa. Atzetik aurrera hasita, Herrerinek partidu serioa egin zuen eta berriz erakutsi zuen titular jokatzeko moduan dagoela. Unai Bustinzak hasieratik jokatzeko aukera izan zuen aurrenekoz denboraldi honetan eta atzelari bizkaitarrak ederto erantzun zion entrenatzaileak beregain jarritako konfiantzari. Ez zen kikildu Griezman, Torres, Siqueira eta enparauen aurrean. Ander Iturraspe titular izan zen aspaldiko partez eta taldeak onerako igarri zuen. Abadiñokoa kalitate handiko jokalaria da eta aberastu egiten du taldearen jokoa. Fitxaketa bikaina litzateke jokatzeko dauden lau partiduetarako. Kike Solari dagokionez, Cascantekoak ez zuen ezer berezirik egin Calderonen baina lana eman zien Godin eta Mirandari. Deialdian, behintzat, lekua izan beharko luke. Iraolaren eskutik iritsi zen jardunaldiko albiste txarra. Itxaron dezagun usurbildarrak osatzeko aukera izatea Kopako finalera begira, hutsune itzela litzateke-eta.

Deportivoren aurka dute hurrengo hitzordua zuri-gorriek San Mamesen. Galiziarrentzat hil ala biziko partidua izan arren, lehoiek ezin dute huts egin. Irabazi egin behar da bai ala bai. Europarako txartela dago jokoan eta bide batez Eibar taldeari laguntzea. Esan beharrik ez dago Liga txapelketa zazpigarren postuan bukatzeak sekulako indarra emango liokeela taldeari Kopako finalerako. Lehen urratsa zapatuan eman behar da Katedralean.