Síguenos en redes sociales:

Zaharkitua eta oldarkorra

ESPAINIAKO Ligari buruzko azken kronikan “zaharkitua” eta “oldarkorra” hitzak erabili ditu The Guardian egunkari britainiarrak Gaizka Garitanok Almerian (ez) emandako prentsaurrean kazetari batzuek izan zuten jarrera definitzeko; izan ere, kronikaren zati handienak, partidei baino, aferari eta aferak izan dituen ondorioei eskaini die Sid Lowe kazetariak. Haren ustez, kazetari horiena antzinako garaien oihartzuna izan da (guztiok dakigu zeintzuk diren garai horiek), sinesgaitza bezain aurreikusteko modukoa, Espainian batzuek mehatxu inplizitua ikusten baitute beti euskara, baita katalana eta galegoa ere, erabiltzen denean; hitz gutxitan, zantzu politikoak dituen probokazio bat. Badira beste hitz ba-tzuk ere: begirune falta, galdera euskaraz egin zuen kazetariarekiko, entrenatzailearekiko, hizkuntzarekiko, eta ezjakintasun orokorra. ABC eta Marca egunkariak ez dira ere ondo ateratzen. Ez dut inoiz irakurri, are gutxiago kirol kronika batean, arazo hauei buruzko laburpen hoberik. Kazetari britainiarrak, esan beharrik ez dago, Gaizka Garitano eta Almeriako futbol taldearen prentsa arduraduna goraipatzen ditu.

Egia da askotan hemendik kanpoko ikuspegia behar dugula. Ez dut uste lotsagarriegia denik, ez beti behintzat. Zorionez edo zoritxarrez, haize freskoa hartu behar dugu noizbehinka Idoia Mendiaren eskuzabaltasuna edo Javier de Andrésen “morralla” bezalako kontzeptuak (kontzeptu dei-tzea ere gehiegi da agian, eskerrak kontzeptu hitza gutxietsita dagoela) zer diren zehazki jakiteko. Egia da, era berean, euskaldun asko euskaraz folkloreki arduratzen direla bakarrik horrelako egoeren aurrean eta (soilik) euskarari buruz hitz egiteko gustatzen zaigula euskaraz aritzea: euskaraz idatzitako txio kopurua twitterren izugarri igo da azken egunotan. Uler-tzekoa bezain lotsagarria.

Zaharkitua eta oldarkorra, egunero ikusten ditugun egoera askori ondo datozkie hitzok, eta ez bakarrik hizkuntzez aritzen garenean. Garitanok prentsaurretik alde egin zuen dotore, baina Euskal Herrian ez dugu nora alde egin.