Hilabete geratzen da 2014-2015 denboraldia amaitzeko eta berrogeita hamaika partidu jokatu ostean, Athletic bizirik iritsi da azken txanpara. Ernesto Valverdek prentsaurreko batean adierazi zuen bezala, partidu batzuk -Granada, Elx eta Cordobaren aurkakoak San Mamesen eta Borisoven jokatutakoak- zikindu egin dute zuri-gorrien ibilbidea denboraldi honetan. Nolanahi ere, Kopako finala jokatuko dute eta esku-eskura dute Europa Leaguerako txartela. Azken urratsa baino ez da falta. Estropada amaitzear dago eta patroia hamarrekoak eskatzen hasi zaie arraunlariei. Bost jardunaldi geratzen dira Liga amaitzeko eta Athleticek San Mamesen jokatuko du, Reala, Deportivo eta Vila-realen aurka. Beste lehia biak Vicente Calderonen eta Elx-en jokatuko ditu. Malagak, berriz, etxetik kanpo jokatuko ditu hiru partidu -Balaidos, Almeria eta Malagan- eta bi La Rosaledan, Elx eta Sevillaren aurka.

Hemeretzi punturekin bukatu zuen Athleticek Liga txapelketako lehen itzulia eta hiru puntura zituen bigarren mailara jaisteko postuak. Sasoi hartan, lehen mailari eusteko beharrezkoa zen puntu kopurua lehenbailehen lortzea zen zuri-gorrien helburu nagusia. Batek baino gehiagok eskatzen zuen Valverde kargutik kentzeko eta bere postua kolokan ikusten zuenentz galdetzen zioten kazetari batzuk entrenatzaileari. Zorionez, egoera erabat aldatu da ordutik. Athleticek hogeita zazpi puntu eskuratu ditu hurrengo hamahiru jardunaldietan eta helburu nagusia ez da mailari eustea, Europa Leaguerako txartela eskuratzea baino.

Ligako hogeita hamahirugarren jardunaldian biribila izan da Athleticentzat. Valverderen gizonek hiru puntuak erdietsi zituzten Cordoban eta Malagak ezin izan zion irabazi Deportivori La Rosaledan. Hori gutxi balitz, atzetik datozen Celta, Espanyol eta Rayok ere galdu egin zuten. Kontuak kontu, gauzak oso ondo jarri dira Athleticentzat eta zuri-gorrien eskuetan dago denboraldiari amaiera bikaina ematea. Gaur bertan eman behar dute lehen urratsa. Realaren aurka ez da motibazio berezirik behar eta bada garaia derbi bat irabazteko.

Jardunaldiko emaitza bikaina izan arren, aitortu beharra dago Athleticek ez zuela partidu ona jokatu el Nuevo Arcangelen. Iker Munianek utzitako hutsunea bete ezinik dabil Valverde. Unai Lopez jarri zuen punta-erdi lanetan Valentziaren aurka, Ricok jokatu zuen Espanyolen zelaian, Viguerak Getaferen aurka San Mamesen eta Aketxek Cordoban. Esan beharrik ez dago entrena-tzaileak ez duela gustuko ordezkoa aurkitu. Beste alde batetik, Iñaki Williamsek hasieratik jokatu ditu azken partiduak baina bere errendimenduak beherakada izan du. Hasierako freskotasuna galdu du. Susaetak, ordea, ezin du titulartasuna berreskuratu. Taldeak duen benetako hegaleko bakarra da eta berreskuratu egin behar da ligako azken txanpara begira. Gauza bera esan dezakegu Ander Iturrasperen gainean. Abadiñokoa “fitxaketa” bikaina litzateke jokatzeke dauden sei partiduetarako.

Athleticen denboraldia maia-tzaren 30ean amaituko bada, ematen du Bilbao Athleticena luzatu egingo dela Kuko Zigandaren mutilek Bigarren A mailara igotzeko play offa jokatuko dutelako. Azken urratsa baino ez da falta. Emakumezkoen taldeari arinegi bukatuko zaio Liga. Beste hiru-lau jardunaldi behar zituen bigarren postuan dagoen Atletico Madril harrapatzeko. Nolanahi ere, sasoi betean iritsiko dira Kopara.

Gure kazetari jardunean euskaraz berba egin eta idazten dugunontzat ez da ezustekoa izan Almeriako futbol zelaiko prentsa aretoan gertatutakoa. Ezer baino lehen, txapela kendu behar dugu Gaizka Garitanoren aurrean. Lehen ere bai baina orain are gehiago. Zoritxarrez, ez da Almeriara joan behar euskararen aurkako jarrerak aurkitzeko.