ERREGULARTASUNAREN lehiaketa da Liga txapelketa eta jardunaldiak jokatu ahala talde bakoitza dagokion lekuan kokatzen da sailkapenean. Bost jardunaldi erreskadan irabazi ostean -tartean Real Madril mendean hartuta San Mamesen- euforia itzela zabaldu zen Athleticzaleen artean eta liga amaitzeko hamar jardunaldiren faltan inork ez zion mugarik jartzen taldeari. Hurrengo hiru norgehiagoketan, baina, Ernesto Valverderen taldeak puntu bakarra eskuratu eta errendimendu makala erakutsi du, Sevilla eta Bartzelonako partiduetan batez ere. Zazpi jardunaldi geratzen dira Liga txapelketa bukatzeko eta gero eta garbiago dago Kopako finalera ahalik eta ondoen heltzea izango dela zuri-gorrien zeregin nagusia lehiaketako azken txanpan. “Partiduak irabazteko, garaipenaren bila joan behar da” esan zuen Valverdek Bartzelonan eta egia esateko, zuri-gorriek fede barik jokatu zuten Espanyolen zelaian.

Sevilla, Valentzia eta Espanyolen aurkako partiduak azterketa zailak izan dira Athleticentzat eta zuri-gorriek ez dituzte frogak gainditu, Valentziaren aurkako partiduan kenduta. Sanchez Pizjuanen atzealdean erakutsitako biguntasunak eta sendotasun ezak kondenatu zuen taldea. Valentziaren aurka partidu duina jokatu ostean, aspaldiko lehiarik txarrena jokatu zuten Valverderen gizonek Bartzelonan. Entrenatzaileak norgehiagoka amaitu ostean adierazi zuen legez, gol gabeko berdinketa izango zen bidezko emaitza aurkari biek egindako lan makalaren ondoren. Partidua beste ordu betez luzatu arren ez dut uste Athleticek Casillaren atea zulatzea lortuko zuenik. Iker Muniain lesionatuta eta Aritz Aduriz zigortuta, Valverderen taldeak ezintasun itzela bezain kezkagarria erakutsi zuen aurrealdean. Williams, Viguera eta Guillermo zelairatu zituen entrenatzaileak aurrealdean, atzerago Mikel Rico jarrita. Arrigorriagakoak lan itzela egiten badu ere ez da jokalaririk egokiena lotura lanak egiteko erdialdea eta aurrealdearen artean. Guillermok eta Viguerak ez zuten baliatu Valverdek emandako aukera eta Williams ere ezinean ibili zen. Susaeta eta Ibai zelairatu zituen bigarren zatian baina gauzak ez ziren askorik aldatu, Santutxuko jokalariak lan duina egin zuen arren. Nolanahi ere, ez litzateke bidezkoa izango porrotaren erru guztia aurrelariei bakarrik egoztea. Izan ere, Espanyolek aukera bakarra sortuta irabazi baitzuen Athleticen aurkako partidua.

Kontuak kontu, zazpi jardunaldi geratzen direnean Liga txapelketa amaitzeko Athleticen arazo nagusia ez da sailkapeneko zazpigarren postua eskuratzea. Valverderen buruko min handiena ez da hori, Iker Muniainen hutsuneak eragindako kaltea konpon-tzea baino. Entrenatzaileak sarritan errepikatu duen legez, Txantreakoak asko ematen dio taldearen jokoari eta zoritxarreko lesioak ume zurtz utzi du erasoko jokoa. Liga txapelketako lehen itzulian bezala dabil Ernesto Valverde, punta erdirako pieza egokiena aurkitu ezinik. Muniain lesionatu zenetik, Unai Lopez, Rico eta Viguera jarri ditu postu horretan baina saioak ez du ondo funtzionatu. Houston, arazo bat daukagu. Eta Muniainek utzitako hutsunea handia bada, ondo zaindu dezagun Aritz Aduriz, donostiarra barik Athleticen erasoko jokoak zorroztasun guztia galtzen du-eta.

Partiduz partidu joan behar du orain Athleticek. Futboleko beste topiko bat baina egiazkoa helburu garbirik ez duen taldearentzat. Getafe eta Cordobaren aurkako partiduak egokiak izan daitezke konfiantza eta joko ona berreskuratzeko, Realaren aurkako derbiaren aurretik.