esklabutza modernoaren behatzetan ez erortzeko eskatu digu Aita Santuak. Esklabutza modernoaren baitan ulerturik, besteak beste, giza duintasunaren azpitiko baldintzetan eskaintzen diren lanak egitea, legez kanpoko ekintzak bultzatzea, edota diru lasterra poltsikoratzeko asmatzen diren sasi-lanak, sareak eta zuloak eraikitzea.
Bestetik, ostera, gero eta gehiago bultzatzen eta “saltzen” da lan lasterra eta erraza, hutseko batekin lortzen den arrakasta eta zortedunen izarpean jaiotakoen klubean izena ematearen abantailak. Gaur egungo medioek, beren bizitzaren txatal merkeak erakusteko eskrupulorik ez daukatenen azalean barrena sartzeko gonbita egiten digute, eguneroko lanaren ekinez nekez lortzen dena, minutu laburretan lortu daitekeela amestu araziz.
Zorrak dituztenentzat, adibidez, irteera duina izan daitekeela erakusten digute edozein lanetarako izena ematea: dela telebistan agertuaz, dela gau errazetan DJ bezala aritu eta zuzen jokatzen dugun hiritar guztion aurpegian, gau bat edo biko ustezko lanarekin zor guztiak ordaintzeko gai direla agertuz. Nahiz eta koherentzia falta erakutsi, nahiz eta esandako hitzak jan behar izan dituztela jakitera eman? gauza da, gertakari ororen gainetik aurrera egiten diharduen jendearen bisaia erakusten zaigula eta “dena” dela, dirudienez, onargarri. Nahiz eta aurretiaz lapurretan ibili, nahiz eta aurretik ordaindu behar zutena ordaindu gabe egon, nahiz eta arestian irabazitako guztia nola xahutzen duten erakutsi diguten?
Hain ahula da gure memoria? Ala erraz bizi nahi izateko dugun joera naturalari komeni zaion estrategia?
Urte berriari, batez ere, duintasuna eskatuko nioke. Duintasuna, aurpegia erakusten duten horien guztien mezuek hiritar zintzoari minik egin ez dagien. Hiritar zintzoa ez dadin, baldintzarik gabe, bigarren klaseko bilakatu.