Euskal gizarteak ziurgabetasun eta erronka handietako testuinguru geopolitiko eta sozioekonomikoan ospatuko du aurtengo Aberri Eguna. Olatu inboluzionistak nazioarteko egitura juridikoa leherrarazi du, dagoeneko nahiko ahulduta zegoena, eta ziurgabetasun politiko eta ekonomiko ikaragarriko egoera ekarri digu. Bataila geopolitiko horrek gatazka batera garamatza, non demokraziaren printzipio funtsezkoenak ere oinarrizko erronka kolektibo bihurtu diren.

Ezegonkortasunaren kronifikazioa -eskuin muturrak aurrera egiten ari dira- eta antipolitika elikatzen duten korronteak demokrazia liberalen gaur egungo statu quo politikoa mehatxatzen duten fenomenoak dira Europan, oro har, baita espainiar eta frantziar estatuetan ere.

Aurkako giro horretan, Euskal Herriak bere bideari eusten dio, bere hizkuntzaren, kulturaren edo zilegizko burujabetza-asmoaren kontrako erasoei aurre egiten.

2026ko Aberri Eguna Hego Euskal Herriko lau foru-lurraldeen foru- eskubideen abolizioaren 150. urteurrenarekin batera dator. Momentu egokia da, beraz, gure errealitate nazionala oraindik ere ezkutatzen duen kontakizun historikoa argitzeko. Euskal herritarrok behin eta berriz salatu dugu egoera hori eta gure nortasun juridiko-politikoa, hizkuntza, kultura eta ahalmen politikoa berreskuratzen ahalegindu gara. 150 urte geroago, Euskal Herriak subjektu politiko gisa onartua izatea eta bere etorkizuna erabakitzea exijitzen jarraitzen du, bere hizkuntza, kultura, ekonomia eta herritarren ongizatea bermatzeko.

Gure herriko hiru esparru instituzional-administratiboek egoera ezberdinak dituzte, baina antzekoak ere bai, hirurak baitira espainiar eta frantziar gobernuen menpekoak. Hiru esparru instituzional- administratibo horiek erronka ekonomiko, sozial, demografiko, energetiko... handiak dituzte, zeinek ekinbide politiko, instituzional eta soziala areagotzea eskatzen baitute, gure proiektu nazionalaren bideragarritasuna eta gure eskalako gizarte-kohesioa bermatzea ahalbidetuko duten tresna juridiko-politiko guztiak eskura izateko.

Testuinguru nahasi eta ziurgabeak eta eraldaketen abiadura azkarrak bidegurutze historiko batean jarri gaituzte. Bidegurutze horretan, Aberri Egunak, lehenik, gure proiektu nazionala berresteko balio behar du, baita gure konpromiso komunitarioa biziberritzeko ere, lurralde guztietan instituzionalizazioaren eta burujabetzaren arloko erronka berriei heltzeko eta, horrekin, konpromiso, elkartasun, eskuzabaltasun eta anbizio kolektiboaren inguruan ehun soziala aktibatzeko. Euskal nazioaren hiru administrazioen arteko harremanak areagotzea eta sendotzea ahalbidetuko digun instituzionalizazio bat behar dugu, gizarte gisa ditugun erronka handiei elkarrekin heltzeko moduko nazio mailako azpiegitura demokratiko berriak eraikitzeko.

Helburu horiek gauzatzeko, bestelako elkarlan, adostasun eta partekatutako kudeaketa instituzional eta sozial mailak behar ditugula uste dugu. Ezinbestekoa da etorkizunari estrategia anbiziotsu batez heltzea -bai proiektu nazional juridiko-instituzionalaren arloko helburuetan, bai hizkuntzaren, hezkuntzaren, energiaren, industriaren, nekazaritzako elikagaien, zaintzaren eta politikaren arloko zein arlo sozialeko proposamenetan-; hain zuzen ere, subiranotasuna eta gizarte- ongizatea egituratu ahal izateko euskal nazio-eskalan.

Beraz, Aberri Egunari begira, konpromiso kolektiboa areagotzeko deia egin nahi dugu, euskal proiektu nazionalaren potentzialitateak garatzeko inflexio-puntu bat lor dezagun.

GORA EUSKADI ASKATUTA! GORA ABERRI EGUNA!