Zaborra
IÑAKI Errazkin Ingurumen diputatuak adierazi du Gipuzkoan ez dela errausketa plantarik inoiz (sin.: sekula ez) ere eraikiko. Errausketa plantarik ez dela eraikiko erabaki bada, zer eginen dute hor erre behar zenarekin? Pentsa daiteke ez dutela erreko ez delako ekoitzi, baina, nik dakidanez behintzat, Gipuzkoan ere hiru azal alditan bilduta datoz madalenak (azal.: Prousti esker oroimen piztaile): lehena, kartoizkoa; bigarrena, plastikozkoa; hirugarrena, madalena bera biltzen duena. Beraz, Gipuzkoan ekoizten da Bizkaian -demagun- adina zabor (sin.: hondakin; Lehen Munduaren -eta, ondorioz, Mundu guztien- arazorik latzenetakoa; negozioa, Hirugarren Mundura bidaltzea). Atez atekoarekin egin nahi diote aurre horri. Herritarrak ekoitzitako eta erabilitako zaborraz kontziente (sin.: jakinaren gainean egon) izan behar du, eta, bilgarri bakoitza bere ontzian botata, berrerabiltzea errazagoa izango da. Birziklatu ezin diren hondakinak, aldiz, kanpora (adib.: Nafarroa, Bizkaia) bidaltzen dituzte, hondakina gaika tratatzeko plantetara, edota balizko errausketa plantetara (adib.: Olaztin (Nafarroa) eraiki nahi dute bat; azal.: inork ez du horrelakorik bere etxe ondoan nahi).
Atez atekoaren kontra hainbat argudio eman dira: Denis Itxasori entzundako batek aldarrikatzen du zaborra kudeatzeko askatasun (parf.: ustez izan baina ez duguna) demokratikoa (prof. lex.: adierazirik gabeko adierazgarria; ez du ezer esan nahi). Edota herritarraren gaineko kontrola aitatzen da; edo sailkatzeko lana; edo, garrantzitsuena, gero ez dagoela non tratatu "errefusa"(sin.: trata ezina)
Kontua da Gipuzkoako herri ba-tzuetan, Bergaran, Legazpin, Zumaian, Atez atekoa ezartzeari buruzko bozketak antolatu dituztela hainbat hiritar taldek Bilduko (parf.: zaborraz ikur egin duen ezkerreko talde abertzalea) udaletxearen erabakiaren kontra. Esan bezala, nahiz eta zaborraren afera honek berebiziko garrantzia izan (parf.: Lurra lehertzear dago), zutabegile (parf.: iritzilogo orojakile) honi iruditzen zaio herri honetan zaborraz ari garenean ez garela ari zaborraz (sin.; azal.; parf.; adib.; prof. lex.: nazioaz).
(Gakoa: sin.: sinonimoa; azal.: azalpena; parf.: parafrasea; adib.: adibidea; prof. lex.: proforma lexikoa; ezer adierazten ez duen hitza).