lankide bati sarri entzuten diot esaten gauzak gertatzen direla pasatzen direnean. Esanahi asko izan ditzake adierazpenak edota gertaera ezberdinei da aplikagarria. Bata, zerbait gertatzea espero denean, ez dela pasatuko kontu ematea. Beste bat, iceberg-ari punta ikusten zaionean konturatzen garela icebergaren existentziaz, itsasontzi erraldoiarentzako bezala, beranduegi denean erreakzionatzeko.
Fagor Elektratresnekin ere antzera gertatu dela esan liteke. Kanpoko ezezagunontzat, bederen. Jakina zen esne saltzailearen pitxarra puskatua zela, jada. Baina ezin jakin zenbateraino ginen kontziente, ez zegoela ordezko pitxarrarik. Eta, hala ere, erabakiak hartu behar zituztenek bide laburrak diseinatzen, esne-iturri berriak non egon daitezkeen asmatzen eta esne-saltzailearen beraren indarrak neurtzen ibili dira. Ez dakigu, ordea, zenbaterainoko kontzientziaz.
Lanpostuak mantendu nahi zirela? Noski baietz. Baina zeren edo nortzuen pentzura? Eta noiz arte?
Pitxarra puskatu denean pasatu da gertatu behar (ez) zena. Eta burura eraman ditu eskuak esne-saltzaileak. Aurretik eraman izan balitu, akaso, ez zitzaiokeen pitxarra eroriko. Beharbada pitzaduraren bat agertuko zitzaiokeen, bide motzago bat aukeratu edo esnetara joateko modua aldatzen asmatuko zukeen?
Esne-saltzaileak ez daki orain esneak zer bide egingo duen: etxeraino helduko ote zaion (ezezkoan dago), behiarengana bueltatuko ote den (ezinezkotzat jotzen du)? Beraz, nor baliatuko da pitxarran zekarren esneaz?
Ardurei buruzko galdera zabaldu da nonahi. Denak esne-saltzaileez gogoratu dira, hauen familiez. Eta bihotzak hala agintzen du. Baina esne-saltzaileek ere bazituzten organoak bide hobeak eskatzeko, oker ari zirela salatzeko, argibideak edo laguntza eskatzeko?
Honen guztiaren berri ez zaigu heldu, gertatu behar (ez) zena pasatu den arte.