Hainbatek nazionalismo hegemonikoak, nonahi eta nolanahi haien ikuskera eta balioak ezarri nahian ari direnak behar dituzte haien izaera kontrajartzeko, bai eta azpimarratzeko ere. Abertzaletasunak, ostera, eraiki egin nahi du, eta ez du nazionalismo baztertzaileen premiarik bere historiari, kulturari eta hizkuntzari erreparatuz, elikatzen den gizartearen bizi-baldintzetatik abiatuz, herri bat emeki-emeki eraikitzeko.
Eraiki aukera-berdintasuna, herritarrei eta herri guztiei, handiei zein txikiei, zor zaien begirunea ardatz hartuta, herri-egitasmo bat gizartearen gehiengo zabalak partekatu ondoren. Horixe da giltza herri bezala aurrera egin ahal izateko... egiten segitzeko.
Sei lurraldez eraturiko herri bat, euskararen herria, Euskal Herria ez dago eraikitzerik, instituzionalki eratzerik herrialde bakoitzaren ibilbidea, izaera, bilakaera historikoa, errealitate demografikoa, politikoa, ekonomikoa eta instituzionala kontuan hartu gabe. Zailtasunak ez dira gainditzen egongo ez balira moduan jokatuta. Oinak lurrean ez dituen egitasmo batek ilusioak indartuko ditu, beharbada, baina ezinak gogoak epeldu eta ezerezean desegingo ditu, atzera aurrera.
Pertsonak dira abertzaletasunaren abiaburua, oinarria... eta erdigunea. Emakumeen eta gizonen borondateak dira inertziak aldarazteko eta mugiarazteko gauza. Horiek behar dira irabazi. Haien kezkak entzun behar dira, egunerokotasunak ezarri ohi dizkien zailtasunak kontuan hartu behar dira, erantzuten saiatuz, aurrera egingo bada, asmoz eta jakitez.
Abertzaletasunak Artzek esaniko hura hartu behar du kontuan eremu guztietan nagusi izatera iritsiko bada, hots, iturri zaharretik edan behar du... etengabe eraberritzen den ura, biziko baldin bada, ihartuko ez bada. Izan zirenen arrastoari segitu behar die, geroz eta malkarragoak diren bide berriak urratuz, aldi berean. Honek zenbait osagai eska-tzen du: batetik, etorkizunean gure herria gainerako herrien pare jar-tzeko asmoa duen egitasmo egingarria eta eragingarria irudikatzea. Eguneroko lanari ekiteko konpromisoa; bestetik, horretara iritsi ahal izateko, askotarikoa den gizarte honetako herritarren borondate ahalik gehien batzea. Bai eta, desberdin pentsatzen dutenak errespetatzea, bere oinarria zabalduz, bereziki gazteengana iristeko berebiziko saioa eginez; azkenik, demokrazia eta giza eskubideak habe gisa hatzen dituen egitasmoa fermuki defendatzea.
Horra hor Euskadi Europar nazio gisa erdiesteko ezinbestekoak diren osagaiak.