ATZO goizean gertatu izan balitz bezala gogoratzen dut Donostiako hondar-tzan galdu nintzeneko arratsaldea. Ez dakit nola gertatu zen, beti leku berean jartzen ginelako, baina bat-batean bakarrik nengoela ohartu nintzen, jendez inguratuta eta bakarrik. Korrika hasi nintzen amari eta aitari deika, negarrez. Galdutako haurrak jaso-tzen ziren tokira eraman ninduten eta han egon nintzen bila etorri zi-tzaizkidan arte. "Se encuentran recogidos en las cabinas colectivas varios niños extraviados. Se ruega a sus familiares o cuidadores pasen a recogerlos a la mayor brevedad".

Bost urte nituen, baina hitzez hitz gogoratzen dut bozgorailuen mezua, ume galdua izan nintzen ordubetean gogoan iltzatu zitzaidana. Egun batzuetan amesgaiztoak izan nituen, eta lasaitze aldera, berehala ahaztu egingo nuela esaten zidaten. Atzo goizean gertatu izan balitz bezala gogoratzen dudalako, ordea, alabekin hondar-tzara noan guztietan, begirik kendu gabe egoten naiz.

Onerako edo txarrerako, gogora-tzen dugulako baikara garen bezalakoak.

Horregatik, oso kontu malkartsua eta labainkorra iruditzen zait egunotan mundu digitaleko gure arrastoak gogoratzeko edo ahazteko dugun eskubidearen inguruan dabilen auzia. Amaraunean gure arrastoak betiko eskuragarri izan ala norberak hala eskatuta ezaba-tzeko eskubidearen inguruko hika-mika berriro piztu da, eta iritzi finko eta irizpide garbirik ezean, hondartzan galdutako arratsaldea etorri zait gogora.

Ederra litzateke egun horretako izua ahaztu ahal izatea, eta baita gozakaiztu egiten nauten une eta sentipenak ere. Memoriatik ezabatuz gero, ordea, naizenaren parte bat galduko litzateke, galdu egingo nuke betirako. Naizena, garena, gogoratzen dugunari esker eraiki egiten baita: bizi izandako beldurra gogoratzen dugu eta beldurrari aurre egiteko prestatzen dugu gure burua, edota zoriontsu izandako uneak gogoratzen ditugu, eta behin eta berriro errepikatzen saiatzen gara.

Gogoratzen dudana bezainbeste maite dut ahaztu dudan guztia.