Síguenos en redes sociales:

Zelan aldatzen diran gauzak

Orain dala urte bete inguru Athletic zaleok triste gengozan gure taldeak Espainiako Kopako eta Europa Leagueko finalak galdu ebazalako. Era berean, harro gengozan denporaldian taldeak egindako joko ausart eta ikusgarriagaz. Marcelo Bielsa zan taldeak izandako itxuraldaketaren errudun nagusia. Josu Urrutiak eta bere taldeak bete betean asmatu eben argentinarraren aldeko apostuagaz eta kontratua luzatzeko bideari ekin eutsoen. Klubak martxorako esan eutsan Bielsari Athleticen jarraitzea gura ebala. Entrenatzaile argentinarrak, ostera, ez eukan prisarik eta denporaldia amaitu ondoren berba egingo ebela erantzun eban. Liga txapelketea amaituta be, Urrutia eta bere taldea erantzun baten zain egozan, Bielsak beste aste beteko epea eskatu ebalako. Orduan, Rosariokoak ez eukan prisarik. Asko itxaron ostean, Athleticek argentinarraren baiezko eran-tzuna jaso eban.

Urte bete beranduago, gauzak nabarmen aldatu dira. Hasteko, denporaldi honetan Athleticek ez dau finalik jokatu eta kirol emaitzak makalak izan dira. Aurten emoten dau Bielsa dagoala klubaren zain etorkizunaren ganean berba egiteko. Badaezpadan, ez dau argitu Athleticen eskaintzea jaso ezkero bere erantzuna baiezkoa izango dan. Klubeko arduradunen jarrerea be aldatu egin da. Aurten ez deutsoe jarrai-tzeko eskaintzarik egin entrena-tzaileari. Orain arte ez behintzat. Bakoitzak bereari eusten deutso, normala dan moduan. Baleiteke Athleticeko arduradunek amaitu-tzat emotea Bielsaren ibilbidea Bilbon. Holan bada, ondo, eta ez bada, be bai. Ez dakit nor jesarriko dan San Mames barriko aulkian hurrengo denporaldian. Baina garbi daukat Athletic, entrenatzaile eta jokalari guztien ganetik dagoala. Marcelo Bielsak asko emon deutso Athleticeri baina mundua ez da amaituko hemen jarraitzen ez badau, are gitxiago bere ondorengoa Ernesto Valverde bada. Fitxaketa bikaina izango litzateke. Dana argitu daitela ahalik eta arinen klubaren onerako.

Aurreko asteburuan argi eta garbi geratu da 115 urteko Athletic zaharraren osasuna ezin hobea dala. Kuko Zigandaren Bilbao Athleticek bizirik jarraitzen dau Bigarren A mailara igoteko play offean. San Mamesen jokatu zan partidua eta zaleek erantzun ezin hobea emon eutsen harrobiaren deiari. Domeka arratsaldean be, Lezamako harmailak beterik egon ziran Athletic-Bartzelona gazte mailako partiduan. Gontzal Suancesen mutilek jipoitu egin eben Bartzelona ahalguztiduna, joko bikaina erakutsita ganera. Unai Lopez, Iker De Eguino, Asier Etxaburu, Gorka Iturraspe, Jon Agirrezabala eta enparauak goitik behera nagusitu ziran munduko selekzino baten aurka. Harrotasun ziztada itzela jaso gendun Lezaman batu ginanok. Harrobia Athleticen arimea da.

Ezin amaitu San Mames zaharraren agurra aitatu barik. Seguru nago biharkoa egun hunkigarria eta gogoangarria izango dala. Ehun urteko Katedralak agur esango deusku, estadio barriari ondo etorria emoteko. Atzera begiratuta, San Mamesek oroitzapen onak baino ez deustaz ekarten burura. Umea nin-tzala, Athletic ikusten joatea jazoera itzela zan. Iribar baltzez jantzita ikusi eta hankak dardakadan ipinten jatazan. Kirol lorpen guztien ganetik, San Mamesek xarma berezia dauka eta bertan sortzen dan giroa oso-oso berezia da. Itxaron daigun estadio barriak lilura horreri eustea. Eskertzekoa izango litzateke biharko agurreko partidua batasun giro baten ospatzea, Athleticen aurkariaren aukeraketea eta beste kontu batzuren ganetik.