Txarto hasten dana normalean ez da ondo amai-tzen. Athleticek denporaldi makala egin dau eta amaierea be eskasa izan da. Marcelo Bielsak esaten eban orain dala hilebete batzuk seguru egoala taldeak ondo amaituko ebala denporaldia. Zoritxarrez ez da holan izan. Athleticek ez eban galtzea merezi Levanteren aurka eta San Mamesek be ez eban holako partidurik merezi agurreko jardunaldian. Dana dala, urte osoan Bielsaren taldeak izan dituan arazoak agirian geratu ziran ostabere Valentziako taldearen aurka. Tarteka polito jokatu arren, aurkariaren ate eta area inguruan zuri-gorriek erakutsitako eraginkortasuna negargarria izan zan barriro be. Hainbeste pase eta hainbeste gol aukera huts eginda oso gatxa da partiduak irabaztea. Lastima. Hori bai, denporaldia zelan joan dan ikusita, eskertzekoa izan da azken partidu bietara mailari eusteko presino barik heltzea.

Edozelan be, ez gara, edo behin-tzat ez ginateke geratu behar Levanteren aurkako partiduan gertatutakoagaz. Ehun urteko historia daukan estadio zaharra hori baino askoz gehiago da. San Mamesek eragindako azken sentimentua epaileak partiduaren amaiera adierazo ostean heldu zan. Ehun segundoko zirrarea. Oilo narrua ipini jakun bertan batu ginan guztioi. Athletic sentimentuak inoiz baino indar gehiago hartu eban. Bizi-bizirik dago. Eta horixe behar dau erakunde honek etorkizunari aurre egiteko bere berezitasunari eutsita. Emaitza eta titulu guztien ganetik hortxe dago Athleticen handitasuna. Harrobia, lehen taldea eta zaleria bat eginik. Ezin da gehiago eskatu.

Partidu bakarra geratzen da Liga txapelketea amaitzeko eta hamar egun barru Athleticeko jokalariek oporraldiari ekingo deutse. Ez dakit ordurako jakingo daben nor izango dan taldeko entrenatzailea hurrengo denporaldian. Aurretik itxaroten zan lez, Bielsak jarraitzearen aldeko oihuak entzun ziran San Mamesen Levanteren aurkako partiduan. Egia esateko, nik uste baino askoz zale gitxiagok agertu eben entrenatzaile argentinarraren aldeko jarrerea. Katedralean batu ziran zale gehienek ez ebezan babestu ate atzeetako harmailetatik botatako kantuak. Bielsaren azken agerraldietan ikusi eta en-tzundakoaren arabera, argentinarra ez dago eroso bere etorkizunaren ganean itauntzen deutsenean. Ona izango litzateke entrenatzailearen auzia lehenbailehen argi-tzea, klubaren onerako batez be.

Levanteren aurkako partiduak itxi eban gauzarik negatiboena Iker Muniainen txartel gorria izan da. San Mames zaharraren historian sartu da. Mutil honek kezkatu egiten nau. Urteekaz helduz joan beharrean, harrokerietan nahastuta jarraitzen dau. Ez dakit inoiz aldatuko dan baina bere jarrerea onartuezina da.

Beste partidu bi jokatuko dira San Mames zaharrean, botateko lanak hasi aurretik. Azkena, Bizkaiko jokalariek osotutako selekzino baten aurka jokatuko dau Marcelo Bielsaren taldeak ekainaren bostean. Aurkari bat behar zan azken partidurako eta Athleticeko direktibak aukera horren aldeko apostua egin dau. Antza, erabagia ez da ba-tzuren gustokoa izan eta harri-tzekoa da zelako kritika gogorrak jaso dituen presidenteak. Antza, Nacional de Montevideoren aurka jokatu behar zan, hedabide batek holan aurreratu ebalako. Urrutiak aurkari indartsuak ditu eta egiten dauena egiten dauela be gogor joko dabe bere aurka. Batzuk txarto ohituta egon dira. Ibaiganetik gura beste barri eta filtrazino jasoten ebezan beste guztiok baino lehen. Urrutiak, ostera, ez deutse jaten emoten, eta hori ordaindu egin behar dau.