Amaitu da. Athletic zale guztiok arnasa sakon hartu genduan La Romaredako partiduaren ostean. Liga txapelketea amaitzeko jardunaldi bi geratzen diranean zuri-gorriek eten egin dabe azken asteetako, azken hilebeteetako gurutzbidea. Datorren astean ez gara ibiliko Granadak, Deporrek edo Zaragozak berak lortutako emaitzei begira. Athleticek lehen mailan jarraituko dau hurrengo denporaldian. Ez da gitxi, urtea zelan hasi eta zelan joan dan ikusita.

La Romaredan jokatutako partidua inor gitxik gogoratuko dau. Zer edo zer nabarmentzeko, emaitza positiboaz ganera, taldeak erakutsitako fedea izango litzateke. Zuri-gorriek partidu eskasa bota eben. Barriro be garbi geratu zan aurkariek ez dabela gauza handirik egin behar Iraizozen atea zulatzeko eta horregaz batera, zuri-gorrien eraginkortasuna oso makala dala. Ganera, behin lortu gol aukerea gauzatzea eta marrazainak balio barik itxi. Edozelan be, eta Zaragozaren bigarren gola Athleticen bardinketaren gola baino hurrago ikusten genduanean, zuri-gorriek ez eben amore emon eta euren ekinak saria lortu eban. Txalotzekoa da benetan, De Marcos eta enparauek -guztiek ez- izandako jarrerea azken minuturarte.

Marcelo Bielsak irabazi gura eban La Romaredako partidua eta atzera be, Aduriz kendu eta Llorente zelairatu eban, atsedenaldian ganera. Bederatziak bardinketaren gola sartu arren, ez dot uste ezer onik emon eutsanik taldearen jokoari. Bielsak harrituta itxi gintuan Castillo zelairatu ebanean, urte guztia baztertuta euki ondoren. Durangarrak bizitu egin eban erasoko jokoa eta batek baino gehiagok itaundu eban zer dala eta ez dauen minutu gehiago jokatu. Kontuak kontu, helburu garrantzitsuena bete da. Ez dogu gehiago sufrituko. Ganera sei puntu geratzen dira jokoan eta esan beharrik ez dago Bielsak irabazi egin gura dauzala Levante eta Rayoren aurkako partiduak.

Lehen maileari matematikoki eusteko puntuak lortu ondoren, etorkizunaren ganean berbetan hasteko sasoia heldu da. Hori bai, ezer baino lehen denporaldi honetan gertatutakoa ondo baino hobeto aztertu beharko da. Ez da normala aurreko kanpainan Europa osoa liluratuta itxi eban taldeak holako denporaldi makala egitea aurten. Athleticek huts egin dau Europa Leaguen, Kopan eta Ligan eta horrek autokritika sakona merezi dau alde guztietatik.

Etorkizunari begira jarrita, ezer baino lehen zaleok jakin gura dogu nor izango dan ontziko patroia hurrengo denporaldian. Bielsa eta Athleticen arteko kontratua ekainaren 30ean amaituko da. Beraz, argentinarrak jarraitzekotan akordio barria adostu behar dabe. Kontua da, ez dakigula zer gura daben alde biek. Ez dakigu Athleticek Bielsak jarraitzea gura dauen eta ez dakigu entrenatzaile argentinarrak jarraitu gura dauen.

Entrenatzailearen azken agerraldia entzun ondoren, ez dakit Biesak Athleticen jarraitu gura dauen ala ez. Egia esateko, denporaldi hasierako gertakarien ostean garbi neukan argentinarrak alde egingo ebala baina orain ez daukat hain argi. Era berean ez dago argi Urrutia eta bere direktiba Bielsak jarraitzearen alde dagozan. Entrenatzailea oso eroso dago. Klubari itxi deutso lehen urratsa emoteko erantzunkizuna, jarraitzeko es-keintzea jasota be erantzuna aldekoa ala kontrakoa izango litzatekeen argitu barik. Hori bai, gogoratu dau Bilbon baino diru gehiago irabazi eta tituluak lortzeko aukerea euki leikela beste talde batzuetan. Zer dala eta esan dau hori?

Erantzunak jasoteko sasoia da. Urrutiak eta bere direktibak erabagi gatxa hartu behar dabe. Egia da Bielsak irabazteko harrotasuna itzuli deutsala talde honi baina egia da baita azken denporaldian ezer gitxi irabazi dogula. Argentinarra oso-oso berezia da eta alkarbizitzarako gatxegia gauza onerako. Hori be kontuan euki behar da. Athletic entrenatzaile, jokalari eta direktibo guztien ganetik dago. Bielsak jarraitzen badau, ondo, baina jarraitzen ez badau mundua ez da amaituko. Athleticek bizirik jarraituko dau.