Astegoien mingarria
Maiatzeko lehen astegoiena ez da bape gozoa izan Athletic zaleontzat. Osagarri guztiak batzen zituan data gogoangarria izateko. Barikuan lehen taldeak sailkapeneko behealdeko mehatxua behin betirako bazter-tzeko aukera bikaina galdu eban Balaidosen. Zapatuan Jose Anjel Zigandaren mutilek agur esan eutsen lehen posturako borrokeari. Gogorrena domekan etorri zan. Denporaldi guztian sailkapeneko buruan egon ostean, Athleticeko emakumezkoen taldeak ezin izan eban urtea biribildu ligako txapela eskuratuta. Katedral zaharraren bultzadea ez zan nahikoa izan. Hori gitxi balitz, gazte mailako taldeak 1-2 galdu eban atzo Sevillaren aurka Txapeldunen Kopan. Asteburu gogorra, bai, baina zapatuan zein domekan San Mamesen bizi izandako giro bikainak zapore gozoa itzi dau zuri-gorrion artean. Emaitzak emaitza, Athletic sentimentua bizi-bizirik dago.
Lau jardunaldi geratzen dira Ligea amaitzeko eta kalkuladorea eskuetan hartuta jarraitzen dogu. Hamabi puntu jokoan eta sei puntuko aldea jausteko postuekiko. Ligako azken txanpako gurutzbidea gura baino gehiago luzatzen dabil eta hurrengo jardunaldian be irabazteko beharragaz zelairatuko dira lehoiak San Mamesen. Celta eta Athleticen arteko partiduan gertatutakoa ez da barria guretzako. Bielsaren taldea aurkaria baino askoz gehiago izan zan baina ezin izan eban garaipena lortu. Ez da erraza ulertzen zelan ez eban irabazi Athleticek Balaidosen. Ez da erreza ulertzen zelan alperrikaldu daitekezan hainbeste gol aukera garbi.
Zenbakiak eta estadistikak aztertuta ostera, errazago ulertzen da zelan dabilen Athletic sailkapeneko behealdetik urten ezinik. Futbol Profesionalaren Ligaren datuen arabera, Athleticeko jokalarien eraginkortasun portzentaia aurkariaren ate aurrean %9koa da, bataz beste. Hau da, hamar bider baino gehiagotan jaurti behar dabe gol bat sartzeko. Zorte kontua be tartean egon daiteke, bai, baina zuri-gorrien eraginkortasuna oso makala da. Athleticen atea zulatzea, ostera, "nahiko" erreza da. Hogeta hamazortzi gol sartu eta hirurogei jaso dauz Bielsaren taldeak. Gol aukerak alperrikaldu eta atea hutsean mantendu ezean oso gatxa da puntuak hiruna eskuratzea. Kontuak kontu, zuri-gorriek hiru puntu baino ez dabe lortu azken bost jardunaldietan, bost partidu horreetan ondo jokatu arren.
Celtaren aurkako partiduari oratuta, ez dot uste Bielsak asmatu ebanik aldaketak egiteko orduan. Irabazteko gogoak itsutu egin eban. 0-1 irabazten joanda Iturraspe kentzea hegaleko bat zelairatzeko, ulertu, ulertu daiteke baina ez dot uste aukera onena zanik. Beste alde batetik, are gatxagoa da ulertzeko zer dala eta kentzen dauen Aduriz partidu guztietan Fernando Llorente zelairatzeko. Emaitzak hortxe dagoz. Aldaketa horrek ez deutso inoiz ondorio positiborik ekarri zuri-gorrien jokoari.
Zenbaki guztiak Athleticen aurkakoak izan arren, ez dogu alarma argirik biztuko. Kezkatuta barik, gogaituta gagozala esango neuke geure taldea ondo jokatzen ikusten baina uzta urria batzen. Ligako partidu bi geratzen dira San Mamesen eta Katedral zaharrak ez dau agur dramatikorik merezi. Hori dala eta, zapatuan irabazi egin behar da Mallorcaren aurkako partidua, behin betirako nasaitasuna lortu eta San Mamesek merezi dauen agurra presta-tzeari ekiteko.
Sarri esaten da futbola ez dala bidezkoa eta oraingoan oso krudela izan da Athleticeko emakumezkoen taldeagaz. Bartzelonaren aurkako partidua jokatu aurretik Juan Luis Fuentes entrenatzaileak esan eban lez, porrotak ez deutso baliorik kendu behar Iturregi, Orueta, Ainhoa, Eli Ibarra eta enparauek eginiko lan bikainari. Ezin izan dabe Ligea irabazi baina Kopearen bila joango dira.