Síguenos en redes sociales:

Iparra aurkitu ezinik

Gabonetako atsedenaldiak ez dau haize freskorik ekarri Athleticera. Ciutat de Valencia estadioan jazotakoak garbi itxi deusku zuri-gorriek ezinean jarraitzen dabela. 2012-2013 denporaldiko beste partidu askotan gertatutakoa errepikatu zan Levanteren aurkako norgehiagokan. Athleticek denporaldi honetan daukan gaixotasunaren sintoma guztiak agirian geratu ziran ostera bere. Jardunaldiak aurrera doaz eta Marcelo Bielsaren taldeak bardin jarraitzen dau. Lehen itzulia amaitzeko partidu bakarra geratzen jake zuri-gorriei eta okerrak non dagozan jakin arren, konpondu barik jarraitzen dabe. Aurreko denporaldian taldeak erakutsi ebana erakutsita, askok baikortasunari eutsi gura deutsagu taldearen susperraldia laster etorriko dala uste dogulako. Zalantzak, baina, gero eta handiagoak dira.

Sailkapenari begiratuta Athleticen egoerea larria ez bada be, garbi dago holan ezin dala jarraitu. Ukabilkada bat emon behar da mahai ganean baina ez dakit nork emongo dauen. Eta ez nago entrenatzaileari begira, jokalariei baino. Hobeto ukabilkadea orain emotea -jaisteko postuak sei puntura dagozanean- beste egoera larriago baten baino. Nortasuna eta heldutasuna erakutsi behar dira.

Sarri esaten dodan lez, porrot guztiak ez dira bardinak. Levanteren aurkakoa mingarria izan zan, etxeko taldeak irabazi baino Athleticek galdu ebalako. Marcelo Bielsaren taldeak erraztasun guztiak emon eutsazan aurkariari eta eskuzabaltasun horregaz gatxa da partiduak irabaztea. Partiduaren hasiereak bihotza zabaldu egin eustan. Iraola, Herrera, Susaeta eta enparauak iazko lez hasi ziran jokatzen eta Aritz Adurizek -nork bestela- bikain amaitu eban eskoiko hegaletik jositako jokaldi ederra. Markagailuan aurretik ipinita, zuri-gorrien joko bikaina eta Levanteren ezina ikusita, garaipena ondo bideratuta egoala emoten eban. Ilusino faltsua. Etxeko taldeak gauza gitxi egin behar izan eban partiduari bueltea emoteko. Athleticeko jokalariak bapeztu egin ziran. Barriro be, nortasun bako taldea izan zan Marcelo Bielsarena.

Huts indibidualak Athleticek ez dau gauza handirik behar amildegitik behera jausteko. Levanteren aurka, huts indibidualak nabarmenak izan ziran. Lehenengo golean, etxeko taldeko eskoiko laterala bakarrik heltzen da zuri-gorrien area barrura Ibai begira dagoala eta Iraizozek atea zabaltzen deutso belauniko jarrita. Bigarren golean be, atezaina zein bere atzelariak negargarri ibili ziran. Holako golak ezin dira jaso eta txarrena da horrelako asko jaso doguzala denporaldi honetan.

Erasoko jokoa aztertuta, Aritz Adurizen lan bikaina ez da nahikoa partiduak irabazteko. Iker Muniain, Markel Susaeta, Ibai edo Oscar de Marcosen errendimendua oso makala da. Baloi galduen estatistikea balego, Athleticeko jokalariak sailkapeneko goialdean egongo lirateke, Ander Herrera gailurrean dala. Titularren errendimendua makala bada, Marcelo Bielsak ordezkoen aulkitik zelairatzen dituen jokalariena ez da hobea. Partidu baten gauzak okertzen hasten diranean, hiru jokalari barriren zelairatzeak ez dau ezer konpontzen, Levanteren aurka barriro be agirian geratu zan lez. Zuri-gorrien errotazinoa oso mugatua da. Bilbao Athleticera begiratzea aukera bat da.

Kontuak kontu, aurrera egin behar da oztopo guztien ganetik. Horixe esaten deuste arrantzale zaharrek, asko sufridutako gizonek. Egoera gatx edo arazo baten aurrean ezin da etsi. Aurrera egin behar da beti. Rayo Vallecanoren aurka irabaztea da hurrengo erronkea eta gero gerokoak. Zorionak Athleticeko emakumezkoen taldeari euren hamargarren urtebetetzean. Aurten bosgarren txapela baietz!