horixe zioten gure aurrekoek, ez arrazoirik gabe. Hedabideek gutxieneko profesionaltasuna izango balute zenbait politikarik esandakoak jaso eta gogora ekarri beharko lituzkete aldioro. Izan ere, klase politikoaren zati bat ohituta dago gauza bat esaten, ondoren guztiz kontrakoa egiteko. Kontuak era batera daudela esan, gerora eztanda egiteko. Testuinguru horretan ez da harritzekoa, klase politikoa herritarren kezken hurrenkeran lehenbiziko postuetan egotea. Arrazoiak ugariak dira: batetik, zenbait gezurra gezurraren gainean esaten ari direlako etengabe; bestetik, herritarrek haiengan jarritako konfiantza behin eta berriz traizionatu dutelako; azkenik, hainbat duten postuaz baliatzen ari direlako herritarren kontura bizitzeko -zenbait ez gauza edo alperrak dira- edota aberasteko.

Zioten Espainiako finantza sistema Europako, eta, hainbaten hitzetan, munduko sendoena zela, ez oso aspaldi. Duela egun batzuk finan-tza sisteman esku sartzerik ez zen behar. Egun gutxi igaro dira esandako guzti-guztiak ezerezean uzteko, errealitatearen aurrean mutu gelditzeko. Eta erantzuleak? Erantzukizunak? Egoeraren sor-tzaileak ez dira bankuak bakar-bakarrik, haien gehiegizko diru goseak egoera horretara haien entitateak eraman dituztenena; erruduna ez da Espainiako bankua soilik-soilik, egoeraren jarraipen estua sasoiz ez egiteagatik eta neurriak ez proposatzeagatik; arduradunak Espainiako bi alderdi nagusiak ere badira. Hala norbaitek uste du tamaina honetako okerkeria gerta litekeela hilabete gutxi batzutan? Nola hazi da Espainiako ekonomia Aznarren eta Zapateroren agintaldietan?

Finantza sistemak milaka milioitako "kreditu lerroa" eskuratu du Europatik, haien diru-kontuak itxuratzeko. Alabaina, nork bueltatu beharko ditu, nork jarriko du bermea, finantza sistemak bueltatzeko baliabiderik ez badauka? Ez da esan. Baina, Espainiak erreformen bidean urrats gehiago egin beharko dituela aipatzen da nonahi. Pentsioen erreforma aurreratzea, enplegu publikoa murriztea, soldatak beheratzea, BEZ zerga igotzea eta abar dira gehien aipatu direnak.

Finantza sistemak porrot egin du, eta, sistema horretako goi-agintariak milioietako kalte-ordainekin etxerako bidea hartu dute. Lotsagalduak! Bidenabar, herritarrak presta bitez gerrikoa beste bi edo hiru zulo estutzeko... gerriondo zabala dutenek besteei ezartzen baitizkiete haiek egiteko kapaz ez direna.

Krisiaren aitzakiarekin harrapaketa da gertatzen ari dena, edonondik begiratuta. Baliabide publikoak esku batetik bestera eskualdatzea, inolako lotsarik gabe. Herritar gehienak... familiak geroz eta txiroago, gutxi batzuk geroz eta diru gehiago pilatzen ari diren bitartean.

Ongizate estatua eraisten ari dira gure begien aurrean, eta, inor gutxi ari da horren kontra. Ahalegina eskatzen ari zaie herritarrei, neurririk ez duen esfortzuak balantzaren beste aldean ezer ez dakarrenean.

Aurrekoa gutxi balitz, erkidegoak behar dira arrastoan sartu baita ere, Estatuaren ezarpena eta presentzia areagotuz, eskuduntzak urtuz edo ezerezean utziz. Zentralizazioa da esan nahi dena, eragingarritasuna eta koordinazioa areagotzea bezalako hitzen itzalpean. Hori ere demokratikoki ezarria. Alderdi nagusiak Gorteetan daukan gehiengoaz baliatuz. Honenbestez, urteetan egin den ibilbidean ere atzera egiten ari gara, abiada bizian. Lopez eta enparauak ez dira saiakera horri galga jar-tzeko gai, oinarrian PP alderdiarekin partekatzen baitute estatuaren ikuspegi bateratua eta zentralista. Horrexegatik, bada sasoia katea hausteko, euskal herritarrei beste egitasmo politiko bat eskain-tzeko, herri bezala nonahi eta nornahiren aurrean agertuz.