Nafarroa arragoa
nafarroa maitagarri izan dot beti. Txikitan Xabier Leteren "Nafarroa arragoa" kanta ederra entzuten neban arrebak radiocassettean ipinita. Benito Lertxundiren "Baldorba" etorri zan beranduago. Ezagutzen dodazan nafarrak pertsona jatorrak eta zintzoak dira. Carlos Gurpegi edo Abel Barriola dira adibiderik onenak. Ganera, bertako euskerea entzutea gozamen hutsa da. Kontuak kontu, asko maite ditut Nafarroa eta hango gizasemeak. Sentimentu hori kontutan izanda, ulertuko dozue oso gogor egiten jatala urtero Athleticek Iruñean jokatzen dauenean ze txarto hartzen daben ikustea. Aurten ez dot Sadarrera -izena aldatu deutse ezta?- joateko aukerarik izan irrati esatariok ez dogulako futbol zelaietan sartzerik. Egia aitortu behar badot, eskertu egin behar deutsat debekua Roures jaunari. Izan be, Sadarrera joatea oso gogorra da Athletic zale batentzat. Gorrotau egiten gaitue, bai, eta gorrotoa izugarria da ganera. Athleticek Euskal Herriko jokalari onenak euki gura dauz Lezaman eta, logikoa dan moduan, politika horrek haserrea sortu leike. Bakoitzak berea jagon behar dau. Osasuna zale gehienen jarrerak, baina, muga guztiak gainditzen ditu. Bitxia da Raul Garcia erdijainkolez tratatea Sadarren. Atletico de Madriden diru piloa irabazi ostean itzuli da Osasunara baina Athletic gorrotau egiten dauen lez, asko maite dabe Iruñean. Errealidade tristea eta mingarria da Euskal Herria maite dogunontzako. "Nahiaren eta ezinaren burrukatoki ekaitzez betea"
Osasuna eta Athleticen arteko partiduari jagokonez, Jose Luis Mendilibarrek ederto jokatu ebazan bere kartak: presino itogarria zuri-gorrien jokoa geratzeko eta futbol zuzena Iraizozen atera ingurura hurreratzeko. Zaldibarkoa lan itzela egiten dabil Iruñean. Athleticeri jagokonez, taldeak igarri egin eban Llorente, Herrera eta Javi Martinezen hutsunea. Edozelan be, zuri-gorriek ez eben galtzea merezi eta bardinketea bidezko emaitzea izango zan. Oztopo guztien ganetik, Marcelo Bielsaren taldeak ez eban iparra galdu. Aurreko eguenean Manchesterren jokatu ostean, aurrean aurkari gogorra izan arren, konturatu orduko bi eta bapez galtzen egon arren, zortea aurka euki arren (Iturraspe eta De Marcosi itaundu) eta arbitroak Sergiori gorria parkatu eta Raul Garciaren penaltia adierazo ez arren, Athleticek ez eban urten partidutik eta emaitza positiboa lortzeko zorian egon zan azken unerarte.
Egun bi geratzen dira Athletic eta Manchester Uniteden arteko partidua jokatzeko San Mamesen, baina atzera begiratu, eta ezin dot aitatu barik itxi Old Trafforden jokatutakoa partidua. Athleticen partidu asko eta asko ikusi dodaz eta esango neuke inoiz talde zuri-gorriari ikusi deutsadan lehiarik ederrena eta biribilena izan dala Old Traffordekoa. Marcelo Bielsaren mutilek ondo baino hobeto dakie zer egin behar daben zelaian, aurrean Manchester United ala Getafe izan. Athleticek erakustaldi bikoitza emon eban Ingalaterran. Alde batetik, jokalariek aho zabalik itxi eben Europa osoa, Sir Alex Fergusonetik hasita. Bestetik, Athletic zaleek erakustaldi historikoa emon eben. Txalotzekoa benetan Manchesterrera joan ziran 8.000 zaleek izandako jarrerea. Gure harrotasuna indartuta geratu da.
Eta aurreko eguenekoa ederra izan bazan, zer izango da etzi San Mamesen biziko doguna? Old Trafforden hasitakoa amaitu egin behar da Premier Leagueko liderraren aurka. Guztion artean menderatu egin behar doguz Manchesterreko deabru gorriak. Disfrutau daigun eta gero gerokoak.