Síguenos en redes sociales:

Atxaki guztien ganetik

sasoi baten lehen mailako sailkapenean talde bakotxaren positiboak eta negatiboak agertzen ziran. Egia esateko ez eben ezetarako balio baina talde baten egoerearen barri emoten eben. Athleticek meritu handiko positiboa eskuratu eban Vila-realen. Talde zuri-gorriak atxaki ugari eukazan balizko porrot bat justifikatzeko. Aurreko eguenean intentsidade handiko partidua jokatu eban Lokomotiven aurka. Ganera hamar gizonegaz jokatu eban azken ordu erdia. Horregaz batera, Muniain eta De Marcos zigorturik egozan. Hori guztia gitxi balitz, Fernando Amorebieta lesionau egin zan eta Llorentek be ikututa amaitu eban Europa Leagueko partidua. Kontuak kontu, El Madrigaleko partiduak ez eukan itxura onik eta laino baltzak ugaritu egin ziran hamargarren minutuan Sennak Vila-real aurreratu ebanean.

Athleticek, baina, ez eban amore emon eta apurka-apurka aurkaria menderatzen hasi zan. Partiduko azken ordua zuri-gorriena izan zan. Barriro be garbi geratu zan Fernando Llorente zelaian dagoanean taldearen jokoak hobera egiten dauela. Barriro dinot, meritu handiko puntua izan zala. Athletic zaleok ezin dogu gehiago eskatu. Taldea Kopako finalean dago (eta datorren urtean Europan jokatuko dau), Europa Leaguen final zortzirenak jokatuko dauz Manchester Uniteden aurka eta Liga txapelketan bosgarren dago. Hori guztia, ganera, futbolean jokatzearen aldeko apustua eginda. Athleticen partiduak ikusgarriak dira edozein futbolzalerentzat. Aitamen bat Gorka Iraizozen inguruan. Neurriz kanpoko kritikak irakurri eta entzun dodaz. Atezaina denporaldi ona egiten dabil eta Llorenteren moduan egun hobeak eta txarragoak daukaz. Beste barik.

Hamalau partidu geratzen dira Liga txapelketea amaitzeko eta Athletic sailkapeneko goialdean egon arren, azpimarratzekoa da zazpi talde dagozala hiru punturen barruan. Zuri-gorriak ezin dira lo geratu. Realaren aurkako derbya jokatuko dabe datorren domekan eta asteon be ez da berba askorik egingo Ligako partiduaren ganean. Alde batetik, Bielsak ez dauz plantilako kide guztiak eukiko datorren barikurarte nazinoarteko partiduak jokatu behar dabezalako. Beste alde batetik, Kopa txapelketako finala non eta noiz jokatuko dan hizpide izango dogu egunotan. Gauza bat dala edo bestea dala, Realaren aurkako derbya bigarren maila baten geratuko da. Ez daigun ahaztu zuri-urdinek Athleticek baino lau puntu gitxiago daukiezala. Partidu horreri merezi dauen eta daukan garrantzia emon behar jako. Old Traffordek ametsak eta kopako finala etorriko dira. Aurreko baten brankaganetik esan nebana errepikatuz, Marcelo Bielsaren Athleticek hirugarren amaitu leike Liga txapelketan, Real Madril eta Bartzelonaren atzetik bakarrik.

Fernando Amorebieta, Fernando Llorente, Iker Muniain, Andoni Iraola, Javi Martinez, Ander Iturraspe, Oscar De Marcos, Ander Herrera eta Mikel San Josek ez dabe atsedenik izango aste honetan Espainiako selekzinoagaz eta Venezuelagaz deituta dagozalako. Harro gabilz Bilbon eta Bizkaian gure taldearen hamaikakoa osatzen daben ia jokalari guztiak nazinoarteko mailako partiduak jokatzeko deitu dabezalako. Nik benetan dinotsuet tristezia sortzen deustala. Hain jokalari onak izan gure Euskal Herrian eta ezin dabe euskal selekzinoagaz jokatu. Oso tristea da, bai. Urteak joan eta urteak etorri bardin gagoz. Gure herriko selekzinoak ezin dau nazinoarteko txapelketetan jokatu (izten ez deutselako) eta gure semeak La Rojaren elastikoagaz ikusi behar doguz.