Athletic kamaleonikoa
Athleticek badaki zer egin behar dauen Moskuko Lokomotiv kanporatzeko datorren eguenean San Mamesen: Moskun jokatutako lehen zatian eta Malagaren aurka jokatutako bigarrena josi edo kateatu. Beste era batera esanda, Marcelo Bielsaren taldeak badaki zer ez dauen egin behar Europa Ligako final zortzirenetarako txartela eskuratu gura badau. Aurrera egin baino lehen gogoratu daigun Athletic laugarren dagoala sailkapenenean. Ez dau ezetarako balio baina polito geratzen da esatea gure taldea Txapeldunen Ligako postuetan dagoala, atzetik puntu gitxira sei talde izan arren.
Hemendik aurrera partidu guztiak dira garrantzitsuak baina Malagaren aurkakoa, batez be, irabazi beharreko partidua zan errazoi askogaitik. Hasteko, Pellegriniren taldea aurkari sendoa da Europako postuetarako sailkatzeko borrokan. Ganera, sailkapeneko goialdean egon gura dauan taldeak irabazi egin behar dauz etxeko partiduak. Azkenik, aurreko partidu biak galdu ostean, zuri-gorrientzako ezinbestekoa zan garaipena konfiantza berreskuratzeko datorren egueneko partidura begira.
Lokomotiven aurka egindako bigarren zati makalak sortutako zalantzak handitu egin ziran zuri-gorriak ezinean ikusita Malagaren aurkako lehen zatian. Taldeak igarri egin eban Javi Martinez, Amorebieta eta Llorenteren faltea, igartekoa da eta. Bielsa atsedena emoten ahalegintzen da titularrei baina taldearen jokoak behera egiten dau. Horrelako egoeretan, baina, eskertzekoa da atezain bikaina eukitea atepean. Iraizozi esker bizirik iraun ostean, bigarren zatian Athleticen itxuraldaketea etorri zan Amorebieta eta Llorenteren eskutik. Aurrelariak ez eban beste munduko ezer egin -atzelarien arretea bereganatu- baina zelaian egoteak bakarrik konfiantzea emoten deutso taldeari. Zer esan Amorebietaren ganean. Atzelaria bikain dabil -Moskun huts ikaragarria egin arren- eta berak zabaldu eban garaipenerako bidea. Kontuak kontu, Athleticek helburua bete eban asko sufriduta izan bazan be. Sufriduten be jakin egin behar da.
Ez dot goraipatuko Toquerok sartutako gola, ez dau bozgorailurik behar-eta. Gasteiztarrak protagonismoa galdu dau Bielsaren taldean baina jokatzeko aukerea daukan bakoitzean ondo irabazten dau soldatea. Domekan, ganera, garbi erakutsi eutsan entrenatzaileari aukera ona dala hegalerako. Erasora begira ez dauka Susaetaren zorroztasuna baina beste gauza batzuk emoten deutsaz taldeari. Itaundu bestela, Monreal edo Eliseuri.
Zortzi egun igaro dira Athletic, Bartzelona eta Espainiako futbol federazinoko ordezkariak Madrilen batzartu ziranetik Kopa txapelketako finala non jokatuko dan aztertzeko. Ofizialki, antza, inork ez daki ezer baina zalantza barik esan daiteke finala ez dala Santiago Bernabeun jokatuko. Pep Guardiolak esandakoaren haritik, Kopako finala ez da jokatu behar hartu gura ez gaituen uri baten. Jose Luis Artetxe lagunak esandakoaren haritik, finala ez da Madrilen jokatu behar Athletic zein Bartzelona zaleen segurtasuna arriskuan egon daitekealako. Nik neuk, eta bere senitarteko eta lagunek are gitxiago, ez dot inoiz ahaztuko Aitor Zabaletak bizia galdu ebala Madrilen. Ez dot Madrilera joan gura. Beste edonon gusturago ikusiko neuke Athletic Kopako finala irabazten. Glasgow be ez litzateke aukera txarra izango.
Lokomotiven aurkako partidua eguenean San Mamesen. Seguru nago Athletic onena ikusiko dogula. Ferguson, Rooney eta enparauak zain daukaguz!