Síguenos en redes sociales:

Ezin da gehiago eskatu

aTHLETIC zaleok pozik urteten dogu San Mamesetik gure taldeak irabazten dauenean. Baina, irabazteaz ganera bikain jokatzen dauenean gure poza biderkatu egiten da eta amesetan hasten gara. Marcelo Bielsaren taldeak partidu biribila jokatu eban Levanteren aurka. Emaitzea alde batera itxita, Athleticek joko bizia, ikusgarria egin eban. Erasoari jagokonez, zuri-gorriek hiru gol lortu ebezan baina beste asko gehiago sartzeko aukerak euki ebezan. Hori gitxi balitz, taldeak sendotasun ikaragarria erakutsi eban defenditzeko orduan eta aurkariak ez eban ia arriskurik sortu Iraizozen ate aurrean. Kontuak kontu, Athleticek irabazi egin eban, ederto jokatuta, hiru gol sartuta eta bat bera be jaso barik. Ezin jako gehiago eskatu geure taldeari.

Marcelo Bielsak argi eta garbi esaten dau berari ez jakola gustaten espekulaten ibiltea eta Athleticek irabaztera urteten dau beti, zelai guztietan eta aurkari guztien aurka. Esan beharrik ez dago erasoko jokoaren aldeko apustua egiten dauela Athleticeko entrenatzaileak. Joko ikusgarriaren aldeko apustuak, ostera, ez dau esan gura defentsako lanari garrantzirik ez deutsanik emoten. Athleticek ez dau golik jaso azken bost partiduetan eta Gorka Iraizozek ez dau lan askorik izan, Getaferen aurkako partiduko tarte baten kenduta. Javi Martinezek eta Amorebietak goi mailako bikotea osotzen dabe eta une honetan ia desagertu egin da nafarraren kokapenaren ganeko eztabaidea, errazoi bigaitik batez be: alde batetik Javi Martinez bikain dabil atzekaldean eta bestetik Ander Iturrasperen errendimendua hobea da egunetik egunera.

Erasora begira jarrita, Athleticen amaitu da gol sikatea azken partidu bietan zazpi gol sartuta. Zazpi horreetatik bakarra sartu dau Fernando Llorentek baina haren itzulereak biztu egin dau taldea. Errioxarragaz zelaian, taldeak konfiantzea berreskuratu dau eta bere taldekideek hobeto jokatzen dabe. Ganera, aurrelariaren belauna errekuperauta dagoala emoten dau eta hori oso albista ona da taldearentzat. Gol kontuakaz jarraituz, Iker Muniain antsiedadeak jota dabil. Gola sartu gura eta ezin, aukera garbiak izan arren. Eskertzekoa da jokalari nafarraren ahalegina baina azken partiduetan erakusten dauen antsiedadea ez da ona berarentzat eta are gitxiago taldearentzat.

Jokalari batzuren sasoi ona azpimarratu arren, ez litzateke bidezkoa izango beste guztiak aitatu barik iztea. Marcelo Bielsaren koadrilaren indarra talde lanean dago. Bakotxak bere lana egiten dau eta ondo ganera. Javi Martinez eta Amorebieta ondo dabilz, baina Iraola eta Aurtenetxe be lan bikaina egiten dabilz hegaletatik. Oscar de Marcosen lana ikaragarria da eta Markel Susaeta gero eta zorrotzako dabil. Athletic bloke sendoa da eta aurkari gatxa edozein talderentzat.

Partidu berezia izango da bihar San Mamesen Athleticek jokatuko dauena. Aurreko lan denporaldietan talde zuri-gorria zuzendu dauen Joaquin Caparros itzuliko da San Mamesera eta seguru nago Katedraleko zaleriak harrera beroa eskeiniko deutsala, merezi dau-eta. Oso ondo, baina ez gaitezan nahastau. Kopako finalaurrekoetarako txartela dago jokoan eta lehen urratsa San Mamesen emon behar da. Jakin badakigu Caparrosen taldea ez dala aurkari erosoa izango. Levanteren aurkako partiduan egon zan giroa ikusita, Katedrala irikitan egongo da bihar.

Gure lehenengo jomugea Mallorcaren aurkako partidua bada be, ez dot ahaztu gura Athleticek datorren domekan Santiago Bernabeun jokatuko dauen partidua. Norgehiagoka gatxa izan arren, inoiz baino konfiantza gehiago daukat gure taldearen aukeretan.