Síguenos en redes sociales:

Ez aurrera, ez atzera

aurreko urtea amaitu eban lez hasi dau Athleticek urte barria. Marcelo Bielsaren taldeak arazo itzelak daukaz aurkariaren atea zulatzeko eta jakina, golik sartu ezean gatza ala ezinezkoa da partidurik irabaztea. Partidu bi jokatu dauz talde zuri-gorriak urte barrian, gabonetako atsedenaldiaren ostean, eta biak bapezna amaitu dira. Golik jaso bez baina sartu bez. Ez dira emaitza txarrak ez, batez be etxetik kanpo lortutakoak diralako. Ez hotzik ez berorik.

Athleticek arazo txiki (ala handi) bat dauka aspaldi honetan. Gatza non dagoan argi eta garbi geratu bada be, konponbidea aurkitu barik dago hondino. Ez dogu ahaztu behar epe laburrean osatuten ez dan gaixotasuna kroniko bihurtzen dala, eta Athleticek denpora gehiegitxo daroa arazo berberagaz.

Aurreko urteko azken artikuluan oso baikor agertu nintzan Athleticen etorkizuna aztertzeko orduan, Txapeldunen Ligarako sailkatzeko postuetan amaitzeko aukera bikaina daukala azpimarratuz. Horixe berori uste dot orain be, baina helburu aberats hori lortzeko ezinbestekoa da goranzko joereari eustea. Aspaldi honetan, ostera, Athletic bide erdian geratu da. Ez aurrera, ez atzera. Bielsaren taldeak jauzi bat emon behar dau aurrerantz eta horretarako ezinbestekoa da gol egiteko dituen arazoak lehenbailehen konpontzea.

Marcelo Bielsak argi, oso argi ditu ideiak eta hori ona da. Dana dala, aspaldi honetan taldeak partiduak irabazteko dituen arazoak ikusita, ona izango litzateke alternatibaren bat bilatzea. Kontua ez da jokatzeko erea baztertzea eta beste era batera jokatzen hastea. Kontua da, zer edo zer ikutu behar dala taldearen errendimendua hobetzeko. Azken partidu bietan hiru zentralegaz jokatzeko apustua egin dau entrenatzaileak bigarren zatietan baina sistema aldaketa horrek ez deutso onurarik ekarri taldearen jokoari. Ez dakit Javi Martinezek aurrerago jokatu behar dauen, ez dakit De Marcosek non jokatu behar dauen, ezta Iker Muniainek ezer hegaletik jokatu behar dauen. Kontua da, gaur egun Athleticen jokoa ez dala eraginkorra. Futbolaren helburu nagusia aurkariaren atea zulatzea da partiduak irabazteko eta hortxe dago Athleticen arazo nagusia. Baloia ondo ikututeak, horrek bakarrik, ez dau sari berezirik jasoten.

Eta gol siketea aztertzen hasita Fernando Llorenteren izena agertzen jaku. Aurrelaria gero eta hobeto dago eta apurka apurka taldean sartzen joango da. Ez eban baloi askorik ikutu Getaferen aurkako partiduan baina taldekideek eskertu egiten dabe bera ikustea aurrealdean. Athleticek partidu garrantzitsuak jokatuko dauz hurrengo asteetan eta ea Llorenteren itzulerak gol uztea aberasten dauen. Edozelan be, eta bateren batek neure eretxia jakin gura badau, Aritz Aduriz bueltan ekarten ahaleginduko nintzateke.

Zorionak Iker Muniaineri ehun partidu jokatu dauzalako Athleticegaz hemeretzi urte bete barri dauzanean. Ez dakigu noraino heldu daiteken Txantreako mutila, dohai ikaragarriak daukaz-eta. Edozelan be, Muniain ez dabil fin azken partiduetan eta gauza asko ikasi eta hobetu behar dauz hondino be. Lezaman irakasten dabenaren ildotik, jokalari nafarrak baloia arinago emon beharko leuke eta ez jokaldi pertsonala egiten tematu.

Albaceteren aurkako kopa txapelketako partidua dogu ate joka. Carlos Belmonten bapezna bardindu ondoren, Athleticek irabazi egin behar dau itzuliko partidua eguenean San Mamesen. Garrantzitsuena final laurenetarako txartela eskuratzea bada be, Bielsaren gizonek aukera ona daukie azkenaldiko geldialdi horretatik urteteko.