Amesetan egitea osasungarria da
ezer baino lehen, urte barri on guztioi! Urtero lez, urtarrileko aldatsari ekin beharko deutsagu -aspaldion urtarrilekoa barik, urte guztikoa da aldatsa-, kiroldegira joaten hasiko gara gramo batzuk argaldu gurean, ohitura txarrak baztertzeko konpromezua hartu dogu eta abar. Athleticeri jagokonez be, zuri-gorriek aldats gogorra daukie aurretik. Gauzak ondo badoaz eta Bielsaren gizonek Kopan eta Europako Ligan aurrera egiten badabe, astero partidu bi jokatuko dabez ia udabarrirarte. Azterketa gogorra izango da, bai, baina edozein taldek sinatuko leuke Athleticen egoeran egotea. Hurrengo asteetan ikusiko dogu noraino heltzeko gauza dan Marcelo Bielsaren taldea. Aurreko urteko azken artikuluan esan neban lez, Athletic-zale guztiok, edo gehienok behintzat, itxaropentsu gagoz etorkizunari begira, konfiantzea dogulako taldean.
Edozelan be, baikortasuna nagusi izan arren, aitortu beharrekoa da ekipoak badaukala zer hobetu. Athletic eraginkorragoa izan behar da aurkariaren ate aurrean. Lehen mailako talde batek ezin dauz hainbeste gol aukera huts egin eta horrenbeste arazo euki talde makalak mendean hartzeko San Mamesen. Golak sartzeko arazo horreri aurre egiteko ahaleginean, Fernando Llorenteren itzulerea litzateke albisterik onena Bielsarentzat. Aurrelariaren belaunak uste baino arazo gehiago emon deutsaz eta esan beharrik ez dago Athleticek igarri egin dauela haren faltea. Llorente zelaian izanda, taldearen erasoko jokoak asko irabaziko leuke eta sikologikoki be eragina eukiko leuke beste jokalarien artean. Llorenteren errekuperazinoa ez da albiste on bakarra. Igor Martinez, taldekideakaz batera hasi da lanean peronean euki eban hausturea osatu eta gero. Arabarrak ez dau zorterik izan denporaldi hasieran eta hondino be denporatxua beharko dau lehiaketa erritmoa berreskuratzeko. Igor Martinez, baina, jokalari ona da, zorrotza, arina eta trebea. Eukiko dau zer esanik denporaldi lehiatu honetan. Edozein kasutan, azpimarratzekoa da Bielsak ez dauela ikusten taldea indar-tzeko beharrik neguko merkatuan. Antza pozik dago daukan plantileagaz.
Albaceteren aurkako partiduagaz ekingo deutso gaur Athleticek aurretik daukan maratoiari. Athletic zale guztiei gertatu jaken lez, neure burua be amesetan hasi zan Kopa txapelketako zozketearen barri euki nebanean. Europako Leagueko zozketaren ostean geure burua Old Trafforden ikusten genduan eta Kopakoaren ostean finalean ikusten dogu. Urrunegi joatea da, bai, honek guztiak garbi erakusten dau ilusinoa dala nagusi Athleticen inguruan. Ilusinoz ganezka gagoz amets horreek egi bihurtu daitekezala uste dogulako. Amesetan egitea osasungarria da eta inork ezin deusku eskubide hori kendu.
Errealidade gordinera itzulita, Bielsaren gizonek gaur emon behar dabe lehenengo urratsa Carlos Belmonte zelaian. Betiko topikoak erabilita, ez da partidu erraza izango, ez. Albacete moralez ganezka dago aurreko kanporaketan Atletico Madril mendean hartu ostean. Edozelan be, Albacete bigarren B mailako taldea da eta Athleticek ezin dau huts egin. Helburu horregaz, Bielsak bere gizon onenak zelairatuko dauz Oviedoren aurka egin eban lez. Gure labanak Albacetekoak baino zorrotzagoak izan behar dira.
Zalantzatxu edo kezka bat be badaukat urte hasiera honetan. Hamaikakoan jokatzen dabilzan gizon gehienek ez dabe ia atsedenik euki denporaldia hasi zanetik. Baleiteke hamasei partidu jokatu behar izatea hurrengo zortzi asteetan. Itxaron daigun lesinorik ez izatea eta taldeak ondo erantzutea fisikoki. Guztia beharko dogu geure amesak egin bihurtzeko.