Síguenos en redes sociales:

Agur Joaquin, agur

IKUZKIZUN negargarria domekan San Mamesen bizi izan genduana, edo bitxia behinik behin. Malagaren aurkako partidua amaitu ostean, Joaquin Caparros entrenatzailea Europarako txartela lortu izana ospatzen hasi zan keinu nabarmenak eginez, eta bien bitartean Athletic zaleak txistuak joten, kanpora, kanpora oihukatuz. Bitxia bezain esanguratsua.

Athleticeko jokalari ohi batek esan dau telebistan Caparrosen taldeak denporaldi bikaina egin dauela eta bere eretxiz ulertuezina eta onartuezina dala kazetariok taldearen jokoa kritikatzea. Ukaezina da, Europarako txartela eskuratzea lorpen garrantzitsua dala Athleticentzat. Alde horretatik ezin jako ezer kendu Caparrosen taldeari. Kontua da, ostera, zaleria nekatuta dagoala taldeak egiten dauen joko negargarriagaz eta entrenatzaileak planteaten dauen estiloagaz. Malagaren aurkako partidua be oso adierazgarria izan zan. Pellegriniren taldea goitik behera nagusitu jakon Athletici lehen zatian futbolean zelan jokatu behar dan erakutsita. Bigarrengoan, gauzak ezin hobeto jarri ziran talde zuri-gorriarentzat bardinketaren gola sartu eta aurkaria hamar jokalarigaz geratu zanean. Caparrosen taldea, baina, ez zan gauza izan Malaga mendean hartzeko eta zaleriari merezi dauen ikuskizuna eskaintzeko.

Hori bai, entrenatzaileak zaleria hasarratzea lortu eban. De Marcos sartu eban zelaian ia beroketa ariketarik egin barik. Ia gauza bera gertatu zan Gabilondogaz. Zer pentsa-uko eban Iturraspe gizajoak Caparrosek partidua amaituta egoala zelairatu ebanean? Titular asko leher eginda egon arren: De Marcos, Gabilondo, Iturraspe, Urko Vera eta enparauek ez dauke jokatzeko aukerarik. Hori da hori, plantila bat txarto kudeatzea.

Ia ez daukat zalantzarik atzokoa Joaquin Caparrosen azken partidua izan zala San Mamesen. Bilbon lau urte egin eta gero Utrerakoaren agurra ezin tristeagoa izan da. Txistu artean hartu eban aldageletarako bidea. Horixe da bere estiloa. Berak ereindakoaren frutuak batu ditu. Prentsa aretoan, pozez ganezka agertu zan, lortutakoaren garrantzia azpimarratuz. Orain dala lau urte taldea zelan egoan be gogoratu eban Caparrosek. Bere berbak entzunda emoten dau bera Bilbora etorri aurretik Athletic ilunpetan ebilela. Egia da bai, taldeak urte gogorrak bizi izan ebazala baina aurretik denporaldi gozoak bizi izan genduzan Valverderen eskutik, besteak beste. Adibide bi ipintearren, hortxe dago Liegen Standardi 1-7 irabazitako partidua ala San Mamesen Osasunari 4-3 irabazitakoa, 0-3 galtzen joan eta gero. Orduan disfrutau egiten genduan.

Zalantzak badoaz argitzen. Guztiak ez. Badakigu Athleticek Europan jokatuko dauela hurrengo denporaldian. Badakigu -itxura guztian arabera- Caparrosek ez dauela jarraituko Athleticen. Ez dakigu, ostera, Athleticeko presidente izateko hauteskundeak noiz egingo diran eta zeintzuk izango diran hautagaiak. Aste honetan zer edo zer jakin beharko dogu ze bestela baleiteke Europa Leagueko lehen kanporaketeari ekitea hauteskundeak egin barik. Hau ez da serioa. Eta ez da serioa, beste gauza bat ez esatearren, Lezamako instalazinoak ikastetxe jakin bati uztea behin baino gehiagotan.

Amaitu aurretik, Joaquin Caparrosi eskertu egin gurako neuskio euskeraz ikasteko erakutsi dauen gogoa eta borondatea. Euskal Herrian lau urte bizi eta lan egin ondoren, eskerrik asko esaten ikasi dau. Bada zer edo zer. Agur Joaquin. Badakit ez nauzula faltan botako baina neuk bez zeu.