BI aldiz egon naiz Japonian. Lehendabizikoan, han, 98 inguruan, erabat harritu ninduen kulturak, bigarren honetan, duela urte pare bat, sakontzeko balio izan badit ere, ez dut talka kulturala esaten zaion hori izan. Arkitektura, hiri-herrien antolamendua, jendea, giroa ezagunagoak zitzaizkidanez lehendabiziko adakeraz harantzago behatzeko balio izan dit.
Lehendabiziko gauean postaria eraso zuten, harrigarria. Auzo gehiena kanpoan zegoen ordu txikiak izanagatik, isilik, postariarekiko elkartasunez, hitz bat bestearen gainean altxatu gabe. Urteak omen zeramatzaten horrelakorik gertatu gabe. Hurrengo egunetan baieztatuko zitzaidan Tokioren izaera leun hura, makinari ongi koipeztatu baten antzera. Ordena, gehiegizkoa, beharbada, mendebaldar batendako. Metroaren antolamendua, ilaretako lerrokatze zurruna, jendearen gizalege kode arautuak, askotan umilaziotzat jo daitezkeen makurtzeak, bereziki makurtzen dena adindua bada, jendeak marken bidez bereizteko egiten duen ahalegina, askotan alferrikakoa.
Japoniarrak irribarrea eta gizalegearen atzean ezkutatzen dira. Ingeleraz daramazun norabideaz galdetzean baiezkoa eginen dizute harik eta tutik ulertzen ez dizutela eta gizalegea baino ez dela ohartu arte. Kultura ulertezina iruditu zait beti irakurritako liburuak irakurrita -Soseki, Oe, Mishima, Banana Yoshimoto, Yoko Ogawa-; ikusitako tenpluak ikusita, ibilitako kaleak ibilita.
Metroan sartzean, esaterako, jendearen aurpegikerak ez ulertzeak halako adakera enigmatikoa eragiten du. Inoiz ez dakizu nor dagoen triste, nor alai, nor bere baitan, nor doluminez, nor nazkaturik edo asperturik. Aurpegikerak zeinu hutsak dira Barthesek ongi adierazi bezala.
Irudietan negarrez ari dira, estonaturik, hondamendia ezin ulerturik, haien hurbilekoak bilatzen, beldurturik, ihesi, sumindurik, haserre natura eta bizitzarekin, zergatik galdezka, lantuan, doluan. Egunkarietan irakurri dut hau dela Japoniaren patua. Ez nuke nahi. Tragediak denondako egin ditu ulergarri. Jada ez dira zeinu huts.