WIKILEAKS izena berria da gehienontzat baina hartu du sona, alajaina! Majinabat trapu zahar eta berri atera ditu argitara. Beno trapu ezezik oihal finak eta baliotsuak ere bai. Duela 63 urte Hirosimako bonba atomikoaren eztandak adina edo gehiago eragin du munduan zehar Julian Assange informatikariak asmatu eta kreatu zuen internet atarian zabaldu diren datuak. Ludi osoaren jaun eta jabe bere burua duen Amerikako Estatu batuetatik abiatu eta ez du utzi lur gaineko agindudun gizakirik lasai. Politikaz, gizartez nahiz ekonomiaz zerbait izan diren edo egun direnen ekimen edo eginkizunek argitara -pantailaratu- ditu eta sekula uste ez ziran zimenduak mugitu. Onerako eta txarrerako edo, gehienetan, bietarako; segun eta norentzat.

Informazioa boterearen iturri ezezik oinarria dela entzun dugu behin eta berriro. Jakina ahal den neurrian jakintza hori ahalik ea gutxienen artean maneiatu dute eta hauek izan dira boterean. Badirudi, ordea, aspaldiko globalizazio honekin informazio hori erabat hedatu edo zabaldu dela. Hain ziur ez dudana boterea ere neurri berean hedatuko denik. Erraiak eta sustraiak astindu bai behintzat.

Ezagun ditugun gobernu edo beste era bateko administratzaile guztiak dutena emango lukete aipatu Assange jauna atxilotu eta, kostu txikiarekin balitza, akabatzearren. Ez diote, itxura denez, milioika informazio datu horietan akats edo zulo nabarmenik aurkitzen eta zertaz salatu ez eta, Tira! Bi neska suediarrekin txortan egiterakoan kondoirik ez erabiltzeagatik atxilo arazi. Ez dut zalantzan jarri nahi kondoiak erabiltzearen abantailarik, osasunerako lehenik eta nahi ez den izorra, ernari edo haurdunaldirik edukitzeko bestetik. Baina horretatik kartzelaratzeko adinako delitua izatera tarte handi bat dago. Aitzakia hutsa, ez besterik. Politikoki ez zuzentzat hartzen den ekintza bat leporatuz.

Bi aldiz kondoia ez erabiltzearren Assange honek kartzela merezi badu, Zein pena kapital jarri behar diote, kondoia ez erabiltzeaz gain, milioi eta milioika kristauri erabiltzea galarazten dien Aitasantu edo haren ordezkariei?