Barrearen indarra
TeELEFONOZ heldu zait berri txarra. Lagun baten arnas estua, negar-zotina. Gaizki entzuten dut haren ahotsa. Mugikorretik deitu dit eta tarteka moztu egiten da. "Hil egin da" entzun diot, baina ez dut izenik ulertu, eta nire burutik hainbat aurpegi pasatu dira, lagunenak, eta ileak tente jarri zaizkit, eta ziztada sentitu dut eztarrian. Larritu egin naiz. Jakin-mina lehertzeko zorian neure bularrean. Azkenean entzun dut izena. Gaixorik zegoen, aspaldi, baina ez nuen espero. Izoztuta geratu naiz.
Nire oroimenean barrez dago. Haren irudia gogoratzean, barrez ikusten dut, barrez lehertzen gainera. Berak askotan egiten zuen barre, baita gaixorik zegoela zekiela ere. Gaixotasuna nola zeraman galdetuz gero, garrantzia kentzen zion beti. Ondo, esaten zuen, badakizu? Eta beste gai bat ateratzen zuen edo alboan zuen beste norbaiten arazoaren azalpenari en-tzuten zion adi. Bai, askotan izan gara haren alboan gure txikikeriak kontatzen, askotan kexatu gara haren aurrean gure arazotxoetaz. Berak barre egiten zuen. Guzti horren gainetik egongo balitz bezala.
Zoriontsua izan dela esango nuke, berak argi baitzuen zoriona ez dela gauza absolutu bat. Ez dela egun batean opari paperez estalia eskainiko zaigun zerbait. Zoriona uneak direla. Bizitzaren segundo batzuk argiztatzen dituzten eguzki prin-tzak. Eta adi egon behar dugula gure albotik pasatzen direnean harrapatu ahal izateko. Horregatik bizitzaren segundo bakoitzari zukua ateratzeko izan duen jarrera hori; lagun arteko uneak goza-tzeko azaldu duen ahalmen hori. Horregatik barre egiteko aitzakiak aurkitzeko gaitasun hori. Horregatik barre hori, barre-algara indartsu hori. Bizitzan gertatzen zaizkigun gauzak hain inportantea ez balira bezala.
Zenbat gauza gordetzen diren barre-algara batean, pertsona baten barrua irakurtzeko klabe sekretu horretan.
Igande goizaldean hil zen. Zaratarik atera gabe. Baina ez isilik. Izugarrizkoa baita haren barreak utzi duen oihartzuna.
(Arantza Ibarrondoren oroimenez)