TITULU honekin amaitu nuen joan den igandeko zutabea. Gezurra gure barneko taupada kontrolaezinaren deskarga mingarria da. Horrelakoak esaten ditugunean bestearekiko errespetua galtzen dugu. Gezurretara ohitzen ari gara. Politikoengandik heltzen zaizkigunak lotsagarrizkoenak dira. Baina lehiakortasunik gabeko esparru garbietan horrelakoren bat antzematen denean publiko orokorraren aurrean, are patetikoagoak dira.
Aurrekoan aipatzen nuen bezala, Miss Ho eta Edurne Pasaban mendizaleen arteko kalapita, bitxia izan da. Biak dira mendizale handiak, baina bietarik bakar batek jar dezake urrezko alpinismoaren historian bere izena, munduko 8.000 guztiak igo eta gero.
Kronologiari kasu eginez gero Miss Ho korearrari legokioke handitasun hori, hainbeste ordu neke-tsu eta lanjer gorriren ostean. Baina badirudi gezurrak ere oxigenorik gabe loratzen direla alturan. Kangchenjunga, munduko hirugarren altuena da, eta hortaz, zailenetako bat igotzen. Lasterketa aparteko honetan, Miss Ho-k tontorreko argazki batzuk erakutsi zituen bere igoaldia balekoa zela adierazteko, baina argazkiak oso arraroak ziren. Nik ikusi ditut eta ez dira ohikoan Kangchenjunga erpinean ikusten direnak. Horretaz gain berarekin zihoazen sherpak kontraesanetan hasi ziren, igoaldiaren benetakotasuna arean ilunagotuz.
Koreako Mendi Federazioak ez dio igoera onartzen orain, eta gauzak horrela, badirudi Edurnek urrezko letretan jarriko duela bere izena mendizaletasunaren historian.
Christian Stangl skyrunning diziplinan espezialista da eta uda honetan gezurrik borobilena esan du K2 mendian. 70 orduko lana egin ei zuen tontorra zapaldu ahal izateko, bera bakarrik. Hori esan zuen. Kanpamentu nagusian zeuden alpinistek ez zuten ez gorako ez eta beherakoan ikusi, eta datu guztiak kontra jarri zitzaizkion. Erakutsiriko argazkiak ere faltsuak ziren. Presiogatik, gero jakinarazi zuen lotsagorrituta, glaziarrean egon zela hiru egunez denbora pasan, gora jo barik, besteok eta hedabideek kristoren eskaladaz harritzen ginen bitartean. Gezurrak buztana labur, oxigenorik gabekoak ere bai.