BAZEN behin imajinaziorik ez zuen mutila. Gauero oheratu bezala altxatu egiten zen hurrengo goizean. Hain ziren berdinak bere egunak, ezen, ohetik altxatzen zen guztietan, egun bera seinalatzen zuen egutegiak. Baina irudimenik ez zeukala ez zen guztiz egia; irudimena izan bazuen, baina ez zen askatzera atrebitzen. Horrexegatik, goizero, astelehena seinalatzen zuen egutegiak. Eta beti falta ziren bost egun asteburua izateko eta lagunekin elkartu ahal izateko.

Mutilaren etxearen parean bazen beste etxetxo bat. Eta bertan neska bat bizi zen. Umea, inoiz heltzen ez zen asteburuaren zain goibel bizi bazen, kantari esnatzen zen neska goizero. Izan ere, neska ohetik altxa-tzen zen guztietan larunbata zen! Nola zen hori posible? Alboko etxean beti astelehena eta neskatoarenean beti zapatua! Ume biek zituzten oso etxe antzekoak, baina, neskatoak bazuen altxor bat: liburu bete apalategia! Jakintsu batek esan zuen behin: "Irudikatzera atrebitzen zaren munduko ateak zabalduko dizkizute liburuek". Gauzak horrela, neskatoaren altxorra, askatzera atrebitu zen imajinazioa dela argi dago. Liburuek lagunduta, noski. Baina bazen liburuetara lagundu zion laguntxo bat ere. Bere izena: Ipupomamua.

Hipopotamo grazioso bat da Ipupo. Euskal Telebistak aireratzen duen haur literaturari buruzko saioko maskota. Aitziber Garmendiak aurkezten du saioa orain eta badu umeei hitz egiten jakiteko dohaina. Ipupo bezala, graziosa da aurkezlea ere. Eta arina saioa. Zelan prestatu txikiak irakurtzera animatzeko programa bat? Bada, ETBk asmatu egin duela esan behar. Ilustratzaileak, liburuzainak, zine adituak, ipuin kontalariak... hamar gehi bat liburuzalek laguntzen diote aurkezleari, astero, gai bat ardatz hartuz, umeei letren magia erakusten. Iragan astean Michael Enderen imajinazio amaigabea erakutsi zien umeei Garmendiak. Telebista aurrean zen zutabe honetako neskatoa. Espero gaurko saiora zutabeko mutila ere agertzea. Eta zuk, nolakoa gura duzu zeure umea? Ipupo ala ez ipupo?