OSO goiz jaiki da gaur, ohi duen bezala. Ingelesa ikasteari heldu dio, eta etxekoak isilik dauden bitartean konektatu da good morning esanez agurtu dion makinarekin. Baita zuri ere.

Berandu samar irten da etxetik, ohi duen bezala. Gosariak prestatu ditu, jantziak atondu ohe gainetan (geroago txukunduko dut hau guztia) eta dutxa bizkorregi igaro zaio. Geltokian agurtu dute etxekoek, egun ona opaz. Baita zuei ere.

Ez da ganoraz eseri jatera, ohi duen bezala. Ogitarteko txiki batekin isildu ditu barruko orroak, agindutako ordu bateko batzarra luzatu baita, eta lan-bazkarira ez joatea erabaki du, bueltakoan mahaiak gainezka eginaraziko baitzion. Estu eta larri ibili bada ere, lortu du arratsaldean eguzkia ezkutatu aurretik irtetea. Azken ordukoak konpontzen geratu den lankideari errukiz begiratuko dio atetik, eta bihar arte, ondo ibili esanez agurtu dute elkar. Baita zeu ere.

Hogei minutu behar ditu etxera iristeko. Ia ordubete behar izan du, ordea, erosketak egiteko gelditu behar izan baitu. Gaur astelehena da, gaur ez da arraina hartzeko egun egokia. Di-dako afaria prestatzeko zenbat denbora duen kalkulatzen ari dela topatu da bizilagunarekin. Gabon. Baita zuri ere.

Atea ireki du, jo eta su ari den telefonoa atenditzeko ozta-ozta iritsiz. Ez zait ahaztu, ama, badakit bisita zor dizudala, baina ezinezkoa izango zait bihar, haurrak dentistarengana eraman behar ditut-eta. Ez, ez, arazorik ez, urtean behin egin beharrekoa, badakizu. Ongi da, deituko didazu lasaiago zabiltzan baten. Ederki, agur ama.

Oso berandu oheratu da, ohi duen bezala. Mesanotxearen gaineko liburuari begiratu bizkorra bota dio, eta irratia piztu du, inor ez molestatzeko moduan. Ez dio interes handirik eskaini, loak harrapatu aurreko azken minutuak biharko eguna antolatzen alferrik gastatu dituelako. Egunak ordu asko ditu, baina emakume ia guztiek oso denbora gutxi izaten dute.

Atzo ahaztu egin zitzaidan, barkatu: emakume langilearen egun zoriontsua opa dizut, adiskide. Baita zuri ere.