Azken irtenbidea
Dirudienez, mundurik herrialde aberatsenek 4,5 bilioi euro baino gehiago esleitzen dituzte urtero, gosea eta txirotasuna jasaten dituztenei laguntzeko. Bestalde, munduko arma industriak 855 bilioi euro mugitzen ditu, eta droga industriak 650 bilioi euro baino gehiago. Bistan dago arma/droga saltzaileak Unicef / gobernuak / Munduko Elikadura Programa eta abar baino askoz gehiago egiten ari direla gosea eta txirotasuna murrizteko. Bai, gosea eta txirotasuna soilik problematikoak direlako, gizon-emakumeak badaude gosea eta txirotasuna pairatzeko. Beraz, populazioa murriztea lortzen badugu, jende gutxiagok gosea eta txirotasuna sufrituko ditu. Erraza. Eta armak eta drogak saltzen dituztenek populazioak murrizten dituzte mundu mailan! Ez dute efekturik tratatzen, kausa tratatzen dute baizik. Zenbat giza miseria kentzeko gai diren Kalashnikovak, AK-47ak, barreiatze-bonbak eta pertsonen kontrako minak! Eta gero Scud misilak, arma kimikoak, puntako teknologiako suntsipen handiko armak, bueno…! Gazan eta Ukrainan egun hauetan ikusten ari garena, adibidez, izugarrizko aukera da pertsonak -gizonak, emakumeak eta umeak- ekuaziotik kentzeko. Eta zergatik gure gobernuek hainbat dirua gastatzen dute, heroina eta kokaina eskaintzen dituztenak jazartzeko? Zergatik goi-mailako droga saltzaileak atxilotu eta espetxeratzen dituzte? Saltzaileekin lan egin behar dute gobernuek, droga gehiago ekoizteko -gutxiago ez!!- eta beraz heriotza-tasa igoarazteko. Artilleria astun honek beste alderdi bat emango zien pobreziaren eta gosearen zifrei, ezta? Diru laguntzak arma/droga saltzaileentzat!