Ez dago inor garaituezina
Hiru jardunaldi jokatu dira aurtengo Eusko Label Ligan eta sailkapen nagusiari begiratzen badeutsagu, lehia hasi aurreko pronostikoak beteten dabilz. Ez dago ezustekorik. Izan be, Orio zan faborito nagusia kiniela guztietan eta Iker Zabalak zuzentzen dauen ekipoa ikusten dogu sailkapeneko lehenengo postuan, lau puntuko aldea kenduta bigarrenari. Halandabe, pasa dan asteburuan Bilboko banderan gertatutakoak bizitu egin dau ligea eta emozinoa sartu deutso. Izan be, Bermeo-Urdaibaik erakutsi dau Orio ez dala garaituezina eta ezustekoetarako leihoa zabaldu eban monologo baten antza hartzen hasita egoan lehiaketeari. Garbi dago, Aranberri eta enparauena dala ekiporik indartsuena -hortxe dago domekan Zierbenako uretan lortutako garaipena- eta ligea irabazteko faborito nagusia izaten segiduten dabe. Hori bai, izerdi asko bota beharko dabe, Urdaibai edota Zierbenalako aurkari arriskutsuak menderatzeko.
Denporaldi hasiera gora-beheratsua euki dau Bermeoko traineruak. Hasteko, aldaketa asko egon ziran plantilan -bederatzi- aurreko urteagaz alderatuta. Bou Bizkaiak maila bikaina emon eban Bizkaiko txapelketan baina uste baino makalago ibili zan Euskadikoan aste bete beranduago. Hortik aurrera ez eban beste estropadarik jokatu Eusko Label Ligearen lehen jardunaldira arte. Salsamendiren ekipoa laugarren geratu zan Madriden, Orio, Zierbena eta Donostiarraren atzetik. Gauzak holan, inor gitxik emoten eutson irabazteko aukerarik bigarren jardunaldian Bilbon. Ba ezusteko handia emon eta ondo merezitako garaipena eskuratu eban siketa luze bateri amaierea emonda. Banderea Bermeora eroan izana alde batera itxita, zapatuan Bilbon egindako estropada bikainak itzelezko bultzadea emongo deutso Bou Bizkaiari. Ganera, domekan be, Oriotik hurre ibili zan ontzi bakarra izan zan.
Zierbena, hirugarren sailkatu zan Bilboko erlojupekoan eta bosgarren domekako estropadan. Bateren batek pentsa leike asteburu makala izan dala galipoena. Ba erratuta dago. Zapatuan irabazlearengandik sei segundura geratu zan eta domekan be ez eban denpora askorik galdu. Aurkari arriskutsua da eta ez dau huts egingo banderaren bat eskuratzeko aukerea agertzen bajako.
Eta sailkapeneko goialdeko borrokea bizitu bada, zer esango dogu beheko aldeari jagokonez. Izan be, parekotasun ikaragarria dago sei traineruren artean. Santurtzi hamabigarren sailkatu zan zapatuan Bilbon eta ordu batzuk beranduago sei ontzi itxi ebazan atzetik Zierbenan. Kontuak kontu, edonork irabazi leike eta edonor geratu daiteke sailkapeneko zuloan. Hamazortzi estropada dagoz aurretik eta edozer jazo daiteke. Bateren bat erdi lo geratzen bada garesti ordainduko dau.
KAE-1 maileari jagokonez, Zarautzek Deustoren garaipen boladea eten badau be, bilbotarrek eutsi egiten deutse sailkapeneko lehen postuari. Kaikuk gorakada nabarmena egin dau eta badirudi Plentziako Arkote zulotik urteten hasi dala. ETE ligan, Bizkaiko bost traineruak Hondarribia eta Zarautzen atzetik dabilz. Kaiku hurreratu egiten bada be, azken urratsa emotea falta jako banderak irabazteko lehian sartzeko. Edozelan be, pozgarria da Bizkaiko andrazkoen bost traineru lehian ikustea asteburuero. Azkenik, emozino handirik ez KAE-2 ligan. Camargok ezustean harrapau eban Castro Mutrikuko estropadan baina La Marinerak garbi erakutsi dau hirugarren mailako ekiporik indartsuena dala.
