Síguenos en redes sociales:

Brankaganetik kikuke

Lehen zertzeladak

Hasi da traineru denporaldia Lekeition jokatutako Bizkaiko txapelketeagaz. Lehenengo estropadea baino ez da jokatu eta aurretik hiru-lau hilabeteko lehia badago be, lehen ondorioak atarateko aukerea emon deusku domekako lehiaketak. Jardunaldiko irabazleagaz hasiko gara. Zalantza askogaz ekin deutso denporaldiari Bermeoko traineruak. Izan be, nahi baino aldaketa gehiago –bederatzi– egon dira Jon Salsamendik zuzentzen dauen ekipoan eta hutsune horreek beteteko ekarritako arraunlariak goi mailakoak izan arren, gatxa izaten da trainerua lehiarako prestatzeak eskatzen dauen orekea lortzea. Esan beharrik be ez dago ze garrantzitsua dan denporaldiari hasiera ona emotea eta Bou Bizkaiak helburu horregaz ekin eutson Lekeitioko estropadeari. Lehenengo luze bietan ezin izan ebazan atzean itxi Zierbena eta Isuntza. Hirugarren luzean, ostera, txikitu egin ebazan aurkariak, helmugan hogeta hiru segundoko aldea lortu arte. Inork ez eban itxaroten hainbesteko aldea lehenengo eta bigarren sailkatuaren artean. Bermeo-Urdaibai laugarren izan zan igaz Eusko Label Ligan. Jon Salsamendiren koadrilak aurrepausu bat emon gura dau aurten eta bide onetik hasi da.

Ezin esan Bou Bizkaia garaile izateak Bizkaiko txapelketan inor ezustean harrapau dauenik. Bai, ostera, Isuntzak erakutsitako maila bikaina. Lekeitioko trainerua banderea eskuratzeko lehian egon da bigarren ziabogara arte eta Zierbenaren aurretik helmugaratu da azken luzean sei segundo errekuperatuta. Hamar segundo kendu deutsoz Santurtziri eta berrogeta lau Ondarroari, Eusko Label Ligan aurkari izango dituen talde biri. Markel Akarregi entrenatzaile debutariak ezin hobeto ekin deutso lehiaketeari.

Maila ona emon daben taldeekaz jarraituta, Bilboko Deusto arraun taldeko trainerua aitatu behar dogu. Aitor Alzibarrek hirugarren urtez jarraian zuzenduriko ekipoak Eusko Label Ligako Ondarroaren aurretik saikatzeaz gain, alde handia kendu eutsen KAE1 ligan aurkari izango dituen Kaiku eta Arkoteri. Aurreko denporaldietan deustuarren helburua maileari eustea izan bada be, pentsa lei aurten, sailkapeneko beheko aldera barik, goiko aldera begiratuko dabela.

Bizkaiko txapelketan egindakoagaz pozik egoteko arrazoiak daukiezan traineruekaz amaitzeko, Portugaleteko ontzia aitatu behar dogu. Igaz mailea galtzeak suposatu eban kolpea ahaztuta, talde gaztea dauka esku artean Gerardo Ranerok. Lekeition erraz nagusitu zan bere txandan eta hiru segundura geratu zan Kaikuri sailkapeneko zazpigarren postua kentzetik.

Txanponaren beste aldean, Zierbena, Ondarroa, Kaiku eta Arkote agertzen dira. Galipoak ezin dira pozik egon Bizkaiko txapelketan hirugarren geratuta. Ez dogu ahaztu behar igaz txapela eskuratu ebela Bizkaian eta bigarren sailkatu zirala Eusko Label Ligan. Halandabe, eta Dani Perez ezagututa, seguru nago Zierbena traineru azkarra eta lehiakorra izango dala aurtengo denporaldian be.

Ondarroari jagokonez, pentsa lei Bizkaiko txapelketea ez dala estropada erosoa Antiguako Amarentzat. Seigarren sailkatu ziran igaz Mundakan eta bosgarren aurten Lekeition. Etxeko arraunlari gazteak dira nagusi aurtengo traineruan eta apurka apurka joango dira sasoia hartzen. Azkenik, nabarmentzekoa da Kaikuren errendimendu makala Bizkaiko txapelketan. Eusko Label Ligatik datorren Bizkaitarrak segundu gehiegi galdu ebazan KAE1 ligan aurkari izango dauen Deustogaz eta hiru segundu bakarrik kendu eutsazan KAE2ko Portugaleteri.