1986-87 denporaldian Espaniako liga txapelketak zati bi euki ebazan: liga erregularra eta play offak. Lehen fasean hamahirugarren postutik behera sailkatutako taldeek lehen maileari eusteko play offa jokatu eben. Liga bi eta kopa bat irabaztetik etorren Athleticek Cadiz, Las Palmas, Osasuna, Santanderko Racing eta Sabadellen aurka jokatu behar izan eban lehen mailan segiduteko. Ia berrogei urte beranduago, Athleticek antzeko zeozer jokatuko dau, oraingo honetan Europarako sailkatzeko asmoagaz.

Bederatzi jardunaldi geratzen dira liga txapelketea amaitzeko eta taldea sailkapeneko bederatzigarren postuan dago 38 puntugaz. Denporaldi makala egin arren -partidu txarrak onak baino gehiago izan dira- Ernesto Valverderen taldeak zabalik ditu Europarako ateak. Hau da, zuri-gorriek esku-eskuan daukie ikasturteari amaiera duina emoteko aukerea. Horretarako, baina, aurrerapausu bat emon behar dabe orain arte erakutsi eta lortutakoa hobetzeko. Izan be, Valverderen gizonek hogeta bederatzi jardunalditan jokoan egon diran larogeta zazpi puntuetatik, hogeta hamazortzi baino ez ditue eskuratu, erdiak baino gitxiago. Jakina, erritmo motel horregaz segidu ezkero, zuri-gorriek ez dabe Europarako sailkatzeko helburua beteko.

Bederatzi partiduko liga labur bati ekingo deutsoe datorren domekan Getafen, eurak beste puntu dituen taldearen aurka. Bederatzi final izango dira eta ez da okerrak konpontzeko astirik egongo. Beraz, Valverderen gizonek lehen partidutik erakutsi beharko dabe datorren denporaldian be Europa mailan jokatu gura dabela. Athleticek irabazteko moduko zazpi partidu jokatuko ditu, etxeko laurak, Vila-real, Osasuna, Valentzia eta Celtaren aurka, eta Getafe, Alaves eta Espanyolen zelaietan jokatuko dituenak. Beste biak, Atletico de Madrid eta Real Madriden estadioetan jokatuko ditu eta urte luzeetako estadistikak garbi dinosku ez dirala leku aproposenak puntuak eskuratzeko.

Ez da erreza Valverderen taldearenganako konfiantzeari eustea ligako azken txanparako orain arte zuri-gorriek erakutsi daben -gehienetan behintzat- joko makala ikusita. Batek baino gehiagok pentsa leike zer dala-eta itxaron behar dogun Athleticen erreakzino bat azken bederatzi jardunaldietan. Beti be, botilea erdi beteta ikusteko ahaleginean, eta orain arte gertatutakoari gehiegi begiratu barik, Athleticek esku-eskura ditu Europarako postuak. Hogeta bederatzi jardunalditan oso irregularra izan arren, hiru puntura dago sailkapeneko seigarrena eta bosgarrena, seira. Horixe da egoerea. Beraz, apur bat hobetu ezkero azken txanpa duina burutu leike.

Athletic egiten dabilen denporaldi gora-beheratsuaren zergaitiak bilatzeko orduan, bere izar nagusi bien errendimendu eskasa ipini dogu mahai ganean. Oihan Sancetek aspaldiko partidurik onena jokatu eban azken jardunaldian Betisen aurka, gola sartuta ganera. Horregaz batera, Nico Williams taldekideekaz batera hasi da entrenetan pubisean izan dituen arazoak gaindituta. Bete-betean egon ez arren, bere ekarpena oso garrantzitsua izan daiteke ligearen azken txanpa honetan. Sancet eta Nico Williamsen errendimendua ona bada, taldeak gorantz egingo dau ganerako jokalari guztiak be nahastau egingo dira-eta. Eta, ganera, behinola komentau neban moduan, Athleticek merezi dauen agurra emon behar deutso Ernesto Valverderi Europarako sailkapena lortuta. l