Athleticek esku-eskura dauka datorren denporaldian Txapeldunen Ligan, Europako talderik onenak biltzen dituen lehiaketan, parte hartzeko sailkapena. Liga txapelketea amaitzeko hiru jardunaldi bakarrik geratzen diranean, Valverderen ekipoak sei puntuko aldea gehi gol-averagea kentzen deutso azken jardunaldira arte oso indartsu etorren Betisi. Izan be, hogeta hamabost garren jardunaldia oparoa izan da oso, zuri-gorriek irabazteaz ganera, aurkari zuzenak puntu bakarra lortu dauelako. Halandaze, azken jardunaldiaren balorazioa ezin positiboagoa da, Athletic ondo merezidutako saria jasoteko zorian jarri da-eta. Alavesen aurka, oztopo guztiak gaindituta -baja garrantzitsuak eta nekea- lortutako garaipenak balio erantsia dauka, talde zuri-gorria nondik etorren kontutan izanda.
Berrogeta hamabi partidu jokatu ditue Valverderen mutilek abuztuaren 15ean Getaferen aurka lehiatu ziranetik San Mamesen. Ganera, maila bikaina emonda gehienetan. Horrek guztiak, exijentzi fisiko handia eskatzen dau eta begi bistakoa da zuri-gorriak leher eginda iritsi dirala denporaldiaren azken txanpara. Valverdek arazoak euki ebazan Alavesen aurkako partidurako hamaikakoa osatzeko, erasoko lerroari jagokonez batez be. Entrenatzaileak ezin izan ebazan zelairatu Berenguer, Nico eta Iñaki Williams eta gazteen aldeko apostua egin behar izan eban aurrelariaren atzeko hiruko lerroa osatzeko. Aingeru Olabarrieta eta Peio Canalesek Bilbao Athleticen jokatu dabe denporaldi ia osoan, Maroan Barakaldotik iritsi dala ahaztu barik. Ukaezina da, Athleticek eta Alavesek lehenengo zatian eskeini eben ikuskizuna negargarria izan zala benetan. Arabarrek ez eben ezer jakin gura baloiagaz –bapeznako bardinketea sinatuko eben lehen minututik– eta zuri-gorriek ez eukien argitasunik aurkariaren giza hesia hausteko. Holakoetan, baina, garrantzitsuena ez da ondo jokatzea, hiru puntuak eskuratzea baino, eta halan edo holan –garaipenaren gola Alaveseko atzelari batek sartu eban bere atean– Athleticek hiru puntuak eskuratu ebazan. Urrezko hiru puntu benetan. Unai Gomez, Guruzeta eta Oihan Sanceten zelaraitzeak bizitu egin eban zuri-gorrien erasoko jokoa eta nafarrak hasitako jokaldi batetik iritsi zan garaipenaren gola.
Athletic ez dabil fin erasoan azken jardunaldietan. Bederatzi gol baino ez ditue sartu azken hamabi partiduetan. Esan beharrik ez dago taldeak nabarmen igarri dauela Sancet, Nico Williams eta Iñaki Williamsen bajak. Hori bai, zuri-gorriek eutsi egiten deutsoe denporaldi osoan erakutsitako sendotasunari, Manchester Uniteden aurkako kanporaketako partidu bietan gertatutakoa ikusita kontrakoa pentsatu badaiteke be. Leher eginda egon arren, Athletic ondo lehiatzen da partidu guztietan eta ondo merezita dago dagoan lekuan.
Hiru partidu baino ez dira geratzen denporaldi zoragarri honeri amaierea emoteko. Traineru estropadetan gertatzen dan lez –patroiak erritmoa bizitzeko eskatzen deutse arraunlariei honeek leher eginda dagozanean– Valverdek azken ahalegina eskatuko deutse bere gizonei. Zuri-gorriek laugarren postuari eutsi gura deutse baina Getafen irabazita matematikoki lortuko leukie Txapeldunen Ligarako sailkapena. Bikaina benetan. Euskaraldia hasiko da eguenean eta beti esaten doten lez, ez daitela egun gitxi batzuetako kontua izan. Euskerearekiko konpromezua urte guztikoa eta egunerokoa izan behar da. Ezin gara odol galduak izan eta gure arimea hiltzen itxi.