Síguenos en redes sociales:

Brankaganetik kikuke

Hormea hausteko baliabide barik

Puntu bat gehiago eta partidu bat gitxiago” esan eban Ernesto Valverdek Leganesen aurka San Mamesen bapezna bardindu ostean. Urtarrilaren 26an jokatu zan liga txapelketako hogetabatgarren jardunaldiko partidua. Antzeko zeozer esan eban Athleticeko entrenatzaileak Jagoba Arrasateren Mallorcaren aurka Katedralean bardindu ostean, taldeak puntu bi galdu ala bat irabazi dauenentz itaunduta. Zuri-gorriek ezin izan dabe irabazi Osasunaren aurkako partidua eta entrenatzaileak lortutako puntua ontzat emon badau be –beste erremediorik ez dauka– garbi dago puntu bik ihes egin dabela San Mamesetik. Valverdek inork baino hobeto daki liga txapelketea azken txanpan sartuta dagoala eta taldeak ezin dauela punturik galdu, etxean batez be.

Denporaldiko partidurik aspergarrienetakoa ikusi genduan domekan San Mamesen. Egia esateko, baina, Athletic eta Osasunaren arteko partiduan ikusi genduanak ez gaitu ezustean harrapau. Alde batetik, jakina zan Vicente Morenoren taldea ez galtzeko asmoagaz zelairatuko zala Katedralean azken hamasei partiduetan garaipen bakarra lortu eta sailkapeneko beheko aldera gehiegi hurreratu ostean. Beraz, Valverdek ba ekian hamaika gizonez osatutako hormea aurkituko ebala bedartzan, kopako partiduan bezala. Beste alde batetik, Leganes edota Mallorcaren aurkako partiduek erakutsi euskuen zuri-gorriek asko sufriduten dabela bost gizoneko atzealde baten aurka jokatu behar dabenean. Horreri guztiari gehitu behar deutsagu Athleticek Galarreta eta Sancet barik –erasoko jokorako taldeko jokalari garrantzitsuenetako bi– ekin eutsala nafarren aurkako partiduari. Zuri-gorriek giza-horma baten aurka jo eben behin eta barriro eta ez eben haustea lortu. Izan be, Aitor Fernandez atezainak ia ez eban lanik euki domekan San Mamesen. Seguruenik Rangers taldeko ikuskatzaileak egon ziran Osasunaren aurkako partidua ikusten eta nafarrek argi eta garbi erakutsi deutsie eskoziarrei zelan ito behar daben zuri-gorrien erasoko jokoa Europako Ligako final laurenetako kanporaketearen itzuliko partidura begira. Nico Williamsek ameseta txarrak eukiko dauz Jesus Aresogaz, ahalegin ugari egin arren, domekan be ez zan gauza izan-eta Osasunako atzelaria gainditzeko. Gauza bera esan daiteke bere anaiaren ganean, Abel Bretones atzean itxi ezinik ibili zan-eta zelaiaren beste hegaletik.

Kontuak kontu, bederatzi jardunaldi geratzen diranean ligea amaitzeko, Athleticek sailkapeneko laugarren postuari eusten badeutso be, Vila-real eta Betis indartsu datoz atzetik. Gauzak holan, esan beharrik ez dago datorren domekako La Ceramica estadioan jokatuko dan partiduak garrantzi ikaragarria hartu dauela. Benetako finala dala nabarmendu eban Mikel Jauregizarrek Osasunaren kontrako partiduaren ostean. Eta lehia erabakigarri horri begira, ez dakigu Oihan Sancet jokatzeko moduan egongo dan ala ez. Valverdek deialdian sartu eban azken jardunaldian baina ez eban zelairatu, partidua blokeatuta egon arren. Beroketa saiorik be ez eban egin. Esanguratsua benetan. Eta ez dakigu zergaitia. Valverdek erabili eban argudioak ez eban inor konbentzidu. Kontuak kontu, gatxa da jakitea datorren domekako partidurako prest egongo ete dan. Azkenik, zenbat ostikada jaso behar dauz Maroan Sannadik epaileek falta adierazteko? Odola ikusi arte ez dabe jokoa etengo? Elefante baten aurka lehiatzeak eskubidea emoten deutse aurkariei aurrelari arabarra jipoitzeko? l