Athleticek garaipena behar eban Celtaren aurkako partiduan. Horregaz ez dot esan gura Valverderen taldea egoera larrian egoanik, inondik eta inora bez. Halanda be, urtearen hasiera ez da ona izan, eta Logroñes, Bartzelona eta, batez be, Osasunaren aurkako porrotaren ostean, zuri-gorriek lehenbailehen eten behar eben bolada txarra, 2024ean erakutsitako normaltasun bikainera itzultzeko. Balaidosen lortutako garaipenak garrantzi handia dauka, alde kuantitatiboan –Atletico de Madridek galdu egin eban eta Bartzelonak bardindu– zein alde kualitatiboan, konfiantzea berreskuratzeko. Caparrosek esaten eban lez –harek beste berba batzuk erabilten ebazan– futbolean zerutik infernura pasetan zara egun batetik bestera eta orain dala aste gitxi batzuk zuria zana, baltz iluna bilakatzen da. Athleticek errotik moztu dau balizko gainbeherearen zantzurik txikiena.
Osasunaren aurka kopa txapelketako final laurenetako kanporaketea galdu izana kolpe gogorra izan da Ernesto Valverdek zuzentzen dauen taldearentzat. Ezin esan zuri-gorriek partidu txarra jokatu ebenik edota aurkaria baino makalago ibili ziranik. Ezta gitxiagorik be. Hori bai, jokoan eta gol aukeretan nagusi izan arren, Athletic ez zan fin ibili area bietan eta horregatik geratu zan kopatik kanpo. Nahi ta nahi ez, hiru emaitza txar kateatzen diranean, mamuak agertzen hasten dira, aurreko urte osoan erakutsitako maila bikaina ahaztuta.
Valverderen gizonek bizirik dagozala erakutsi dabe barriro be. Entrenatzaileak sarritan errepikatu dau, emaitzak emaitza, taldea ondo lehiatzen dala beti. Egia esateko, ez da normala talde honek hiru gol jasotea San Mamesen jokatutako partidu baten, aurkariak hain aukera gitxi sortuta ganera. Celtaren zelaian lortutako garaipenak sendotu egin dau taldea Txapeldunen Ligako postuetan. Murriztu egin dau Bartzelona eta Atletico de Madridekiko aldea eta handitu atzetik datozen taldeekikoa. Horregaz batera, sendotasuna emongo deutso datorrenari aurre egiteko.
Eta hori guztia, Oihan Sancet, plantilako jokalari onena barik. Hilabete igaro da Sadarren eskoiko orkatila trokatu ebanetik eta ez dogu barriro jokatzen ikusi, ezta entrenamentuetan taldekideekaz batera bez. Erdilari nafarrak nahi baino partidu gitxiago jokatu ditu lehenengo itzulian, hiru lesino euki dauzelako: Gihar haustura bat eta bihurkada bana orkatiletan, azkena abenduaren 21ean Sadarren. Entrenatzaileak esan dau eskoiko orkatila hori hobeto dagoala baina ez da ausartu esaten noizko egongo dan Sancet barriro jokatzeko prest. Jokatu ezinda dagozanakaz gogoratzeak ez dau gauza handirako balio baina garrantzitsua izango litzateke erdilari nafarra lehenbailehen errekuperatzea, lehia garrantzitsuak datoz-eta.
Porrot batetik gatxa izaten da ondorio positiboak ataratea. Osasunaren aurkako kopako partiduan, ostera, danok liluratuta geratu ginan Mikel Jauregizar Albonigak erakutsi eban jokoagaz. Taldeko jokalaririk onena izan zan lan ikaragarria eginda zelai erdian. Baloi bikaina sartu eutson De Marcosi zuri-gorrien bigarren golaren jokaldian eta aurkariaren atea zulatzetik hurre ibili zan. Eta hori guztia, hogeta bat urte bete barri eta normaltasun baten barruan. Izan be, hortxe dago Jaureren arrakastearen zutabe nagusia, normaltasunean. Errez egiten dau egiten dauena, oso jokalari ona eta naturala dalako. Eta barriro azpimarratu gura dot hogeta bat urte baino ez daukazala. Benetako harri bitxia dogu esku artean.