Galdera bat egoan mahai ganean Athleticek eta Leganesek San Mamesen jokatu eben partidua amaitu ostean: Zuri-gorriek puntu bat eskuratu ala bi galdu ebezan talde pepineroaren aurka? Ernesto Valverdek argi eta garbi eran-tzun eban: “Puntu bat gehiago eta partidu bat gitxiago”. Iñaki Williams eta Unai Simonek be antzeko zeozer esan eben Jose Iragorri prentsa aretoan egin eben agerraldian. Jokalari zein entrenatzaileak ez dabe krisialdi edo makalaldi konturik aitatu be egin gura. Ernesto Valverderen eskutik talde honek lortu dauen kreditoa ezin da kareletik behera bota urtarrilean izandako emaitzengatik, ez. Halandabe, datuak hortxe dagoz. Athleticek garaipen bakarra lortu dau urtarrilean jokatu dituen sei partiduetan. Bolada horrek ez dauka zeirikusirik 2024ko azken lauhilekoan izandakoagaz. Ez dogu ahaztu behar Valverderen taldeak hiru partidu baino ez dituela galdu liga txapelketea abuztuaren erdialdean hasi zanetik. Urtarrilean, ostera, zuri-gorriak galtzaile izan dira Bartzelonaren aurka superkopan, Osasunaren aurka kopan eta Besiktasen aurka Europako Ligan. Horreri gehitzen badeutsagu Logroñesi, federazinoaren bigarren maikako taldeari, ezin izan eutsola golik sartu Las Gaunasen, garbi dago taldearen errendimenduak beherakadea euki dauela azken asteetan. Ukaezina da.
Leganesen aurka Athleticek aukera bikaina galdu eban urrats garrantzitsua emoteko sailkapenean, laugarren postua sendotu eta aurrekoetara hurreratzeko. Valverderen taldeak, ostera, ezin izan eban golik sartu Katedralean, ahalegin asko egin arren. Sarritan, gogoa eta ekina ez dira nahikoak izaten ondo antolatutako aurkaria menderatzeko. Ez dogu ahaztu behar Bartzelona eta Atletico de Madrid be ez zirala gauza izan Leganesen atea zulatzeko. Halanda be, merezi dauen garrantzia emon behar deutsogu lortutako puntuari, Athletic hiru puntuak galtzeko zorian egon zan-eta.
Garbi daukat botilea erdi beterik ikusi behar dogula. Liga txapelketako hogeta bat jardunaldi jokatu ostean –hamazazpi geratzen dira jokatzeko–, Valverderen taldea laugarren dago sailkapenean, puntu bira dauka hirugarrena eta bostera bigarrena. Atzetik, Vila-real sei puntura dago eta hurrengoa hamarrera. Ganera, esku-eskura dauka Europako Ligako final zortzirenetara zuzenean sailkatzeko aukerea. Eta hori guztia Sancet eta Galarreta, taldeko jokalari garrantzitsuenetako bi barik nahi baino partidu gehiagotan, biek ala biek hiruna lesino euki dabez-eta. Taldeak asko igarten dau -txarrerako- gizon bi horreen hutsunea. Horregaz batera, agerikoa da Nico Williams, Athleticen erabakigarria izan behar dan jokalariaren errendimendua, esperotakoaren azpitik dagoala. Azkenik, Guruzeta be ez dabil fin. Honek guztiak eragin zuzena dauka zuri-gorrien erasoko jokoan eta aspaldiko eraginkortasun maila eskasean. Horren guztiaren ganetik, taldea egoera bikainean dago.
Txanponaren beste aldean, Vivian eta Yeray ipiniko neukez. Gasteiztarraren errendimendua bikaina ari da izaten. Benetako horma bat da, gaindituezina aurkarientzako. Ganera, aurrerapusu bat emon dau baloia atarateko orduan. Yerayk bere mailarik onena berreskuratu dau lesinoek eragindako gurutzbidea gainditu ostean. Oso azkarra da eta bikote sendoa osotzen dau Vivianegaz batera. Berenguerren eta Jauregizarren errendimendua ona be azpimarratu beharra dago.
Benetako finala jokatuko dau Athleticek eguenean San Mamesen Viktoria Plzenen aurka Europako Ligan. Dana dauka alde lehen zortziren artean sailkatzeko eta ezin dau huts egin. Garrantzitsua litzateke jokalariek Katedralaren berotasun osoa sentitzea.