Síguenos en redes sociales:

Brankaganetik kikuke

Ez gabilz amesetan

Denporaldiaren azken txanpeari ekingo deutso Athleticek datorren domekatik aurrera. Zuri-gorriek hamar partidu jokatuko ditue liga txapelketan, bost San Mamesen eta beste horrenbeste etxetik kanpo, eta, ondo bidean, beste bost Europako Ligan. Bi ziurtatuta dagoz, final laurenetan Rangersen aurka jokatuko dituenak eta beste hirurak bedartzan irabazi behar ditu, final aurrekoetako biak, maiatzaren 1ean eta 8an, eta finala, maiatzaren 21ean, eguaztena, hurrengo astegoienean liga txapelketako azken jardunaldiko lehia jokatu aurretik Bartzelonaren aurka San Mamesen. Edozein lasterketan, lehiakideek ondo kokatuta heldu gura dabe esprinera, azken itzulira edota azken txanpara. Athleticen kasuan, zuri-gorriak ederto kokatuta iristen dira txapelketaren azken txanpara. Izan be, hurrago daukie sailkapeneko hirugarrena –Atletico de Madrid hiru puntura dago– atzetik datozen Vila-real eta Betis baino, zortzi puntura dagoz-eta.

Ezer esaten hasi aurretik, ez dogu ahaztu behar futbola joko bat dala eta edozer gertatu daitekeela jokatzeko dagozan hamar partiduetan. Halanda be, Athleticek denporaldi honetan jokatu dituen partiduetan ikusitakotik ondorio garbi bat atara geinke: Valverderena ekipo sendoa da, erregularra, gora-behera handi bakoa eta oso lehiakorra. Lau partidu baino ez dauz galdu -Real Madridek eta Atleticok beste eta Bartzelonak baino bat gitxiago- Atletico de Madriden aurkako biak -ez eban galtzea merezidu izan ez San Mamesen ezta Metropolitanon bez- Bartzelonaren aurka Montjuicen –seguruenik urteko partidu makalenean– eta Gironaren zelaian, hiru penalti madarikatu huts egin ondoren. Estatistika kontuekaz jarraituta, Athleticek 1,85 punto lortu ditu batez beste orain arte ligan jokatu dituen hogeta zortzi partiduetan, bakotxean 1,64 gol sartu eta 0,85 jasota. Kontuak kontu, Valverderen taldeak orain arteko erritmoari eutsi ezkero –ez da erreza izango– arazo barik eutsiko leikio sailkapeneko laugarren postuari, datorren denporaldian Txapeldunen Ligan jokatzeko sailkapena eskuratuz. Hau da, zuri-gorriek ez dabe liga amaiera ikaragarria egin behar denporaldi hasieran jarritako helburuak beteteko. Beste batzuk dira, Vila-real eta Betis esatebaterako, liga amaierako hamar partiduetan puntuak batzeko erritmoa nabarmen bizitu behar dabenak Athletici aurrea hartu ahal izateko. Orain arteko erritmoari eutsi ezkero, Athleticek hamazortzi puntu eskuratuko leukez azken hamar jardunaldietan eta 70egaz amaitu leuke denporaldia. Erritmoa bizitu ezkero -ahaleginik ez da faltako- ganera, batek daki noraino heldu daitekeen.

Aurreko urtean, zuri-gorriek 53 puntugaz ekin eutsoen azken txanpeari eta 68 puntugaz amaitu eben kanpainea, azken hamar partiduetan 15 puntu lortuta. Aitaturiko datu guztiak eta orain arte Valverderen ekipoak igorritako sentsazinoak lapiko baten sartuta, baikor egoteko arrazoi ugari daukaguz. Bai horixe!

Beste alde batetik, garrantzitsua izango da taldeko jokalari garrantzitsuenak berreskuratzea azken txanpeari begira. Unai Simonek eta Nico Williamsek euren mailarik onena berreskuratzetik hurre dagozala erakutsi dabe azken partiduetan –Athleticegaz zein Espainiako selekzinoagaz–- eta itxaron daigun Vivianek eta Sancetek atzean iztea azken asteetan euki dabezan giharretako arazoak, behar doguz-eta. Honeekaz danakaz, zuri-gorriek edozein aurkari menderatu leikie. San Mames erabakigarria izango da: Osasuna, Rayo, Las Palmas, Alaves eta Bartzelona igaroko dira Katedraletik. Itxaron daigun azken jardunaldira helburua beteta heltzea, Europako Ligako finala buru belarri prestatu ahal izateko. Ez gabilz amesetan.