2025 urteko partidurik onena jokatu eban Athleticek Gironaren aurka San Mamesen. 2024ko partidu askotan liluratu gintuen talde erasokorra eta bertikalaz gozatzeko aukerea euki genduan domeka arratsaldean. Eta zer aldatu da Valverderen taldean aurretik 2025ean jokatutako partiduekaz alderatuta? Garbi dago: jokalariek indarbarrituta ekin eutsoen Gironaren aurkako partiduari aurreko astean beste norgehiagokarik ez ebelako jokatu. Ganorazko atsedena hartu eta ondo errekuperatzeko aukerea euki dabe Valverderen gizonek. Eta jakina, hankak fresko-fresko eukita hobeto jokatzen da.

Izan be, urtarrila ez da hilabete erreza izan zuri-gorrientzat. Zazpi partidu jokatuta, bi bakarrik irabazi ditue –Balaidosen eta San Mamesen Viktoria Plzenen aurka–, hiru galdu –Bartzelonaren aurka superkopan, Osasunaren aurka kopan eta Besiktas zelaian Europa Ligan– eta bardinketa bi –Leganesen aurka Katedralean eta Logroñesen aurka Las Gaunasen–. Emaitzak oso onak izan ez badira be, Athleticek ondo gainditu dau urtarrileko aldats gogorra. Izan be, laugarren dago ligako sailkapenean eta zuzenean sailkatu da Europa Ligako final zortzirenak jokatzeko. Halandabe, garbi geratu da astero partidu bi jokatzeak gurabako albokalteak eragiten dauzela, taldearen errendimenduak beherakadea eukiten dabelako jokalariek fisikoki ondo errekuperatzeko aukerarik ez daukielako. Gauzak holan, otsaila oso garrantzitsua izango da Athleticentzat, hilabete osoan Ligako partiduak bakarrik jokatuko dituelako, Españolen aurka Bartzelonan eta Valladoliden aurka San Mamesen. Martiagaz batera, Europa Ligako partiduak itzuliko dira eta itxaron daigun etenik ez izatea maiatzaren 21era arte, finala jokatu arte San Mamesen.

Gironaren aurkako partidura itzulita, barri onak baino ez ebazan itxi. Joko ona, hiru gol sartu –beste hiru bat aukera garbi euki ebezan zuri-gorriek– bakar bat be jaso bez -Gironak ez eban ia jaurti be egin Unai Simonen atera Athleticek ez eutsolako itxi-, Sanceten hiru gol eta Maroan Sannadi eta Endika Bujanen estreinaldia elastiko zuri-gorriagaz. Arratsalde biribila zalantza barik. Izan be, Athletic goitik behera nagusitu jakon denporaldi honetan Txapeldunen Ligea jokatu dauen aurkariari. Ordu erdi behar izan eban Valverderen taldeak motorra berotzeko. Presinoa ondo egokitu ostean, zuri-gorriek ito egin eben talde kataluniarra. Ganera, oso eraginkor agertu zan Gazzanigaren ate aurrean, Oihan Sanceten eskutik batez be. Baina, golek emoten daben distiratik aparte, Athleticeko atzealdeko jokalarien lana nabarmendu gurako neuke. Vivian eta Yeray sekulako mailea erakusten dabilz. Biek ala biek ez deutse arnasea hartzeko aukera txikiena be emoten aurrelariei. Adama Boirok min asko egin eban ezker hegaletik eta Oscar De Marcos gol bat sartzeko zorian egon zan. Horregaz batera, Sancetek mailarik onena berreskuratu dau eta Berenguer hobeto dabil egunetik egunera. Zoratu egiten dauz beste taldeko atzelariak eta erdiraketa zitalak egiten dauz. Nabarmentzekoa baita, Jauregizar eta Pradosen sendotasuna zelai erdian. Bermiotarrak galoi handiak hartu ditu taldearen bizkar-hazurrean. Ezin ahaztu Sannadiren debuta. Gasteiztarra heldu baino ez da egin baina argi erakutsi dau jokalari baliagarria izango dala Ernesto Valverderentzat. Aspaldian ez dau euki Athleticek horrelako moduko aurrelaririk. Eta hori guztia, Nico Williams eta Iñigo Ruiz de Galarreta barik, taldeko bi jokalari garrantzitsuenetakoak barik. Onena etorteko dago.