Gaur gaurkoz, Athletic olatuaren ganean doan ontzia da. Edo beste era batera esanda, ontzi zuri-gorria popadan doa, olatuak eta haizea lagun dituela. Eta egoera gozo hori baliatu beharra dago. Ernesto Valverderen taldearen estatistikak ezin hobeak dira, urrunekoak zein hurrekoak. Bost garaipen lortu ditu azken bost partiduetan -Reala, Real Madrid eta Reala menderatuta besteak beste- eta partidu bakarra galdu dau abuztuaren 31an Atletico de Madridi garaipena oparitu eutsonetik San Mamesen. Hamazortzi partidu jokatu ditu ordutik eta garaile izan da hamabitan. Horren guztiaren ondorioz, talde zuri-gorria Txapeldunen Ligarako postuetan dago sailkatuta eta esku eskuan dauka Europa Ligako hurrengo kanporaketarako sailkapena. Aurrera begiratzeak zorabioa edo bertigoa eragiten dau. Izan be, gatxa da jakitea noraino heldu daiteken Valverderen ekipoa olatu ganean. Sailkapeneko lehenengo postua sei puntora dauka eta Iñaki Williamsek Vila-realen aurkako partiduaren ostean esan eban legez, ez deutsagu mugarik ipini behar taldearen jardunari.
Estatistika guztiak alde batera itxita, Athleticek erakusten dauen sendotasunak, fidagarritasunak eta lehiakortasunak, oso itxaropentsu egoteko arrazoiak emoten deuskuz. Eta zuri-gorrien arrakastea, talde lanaren arrakastea da. Eta talde horretan hamaika jokalari baino gehiago dagoz. Julen Agirrezabala maila bikaina erakusten dabil eta domekako partiduan be geraketa bikaina egin eutson Yeremi Pinoren burukadeari. Atzealdean, Vivian itzel dabil. Metro biko lodierako hormea da aurkarientzako, baserri zahar bateko horma sendo baten antzekoa, gainditu ezina, Bellingham, Mbappe zein edozein aurrelarirentzat. Bere alboan, Yeray mailarik onena berreskuratzen dabil eta Paredesek ez dau amore emoten titulartasuna eskuratzeko lehian. Hegaletan, titularrak De Marcos eta Yuri izan arren, Gorosabelek eta Adama Boiro be ederto dabilz. Zelai erdian, Iñigo Ruiz de Galarreta makina bat da, jokoa sortzeko zein aurkariarena hausteko, Mikel Jauregizarrek eta Beñat Pradosek ondo lagunduta. Eta zer esango dogu Williams anaiek, Sancetek eta Berenguerrek osotzen daben lerroaren ganean. Gaur egun, esango neuke lehen mailan ez dagoala hirukote hoberik. Eta talde lana garrantzitsua izanda be, Oihan Sanceten ekarpena nabarmenduko neuke beste guztien ganetik. Sasoi betean dago eta taldeak igarri egiten dau. Ganera, fisikoki be gero eta hobeto dago. Azpimarratzekoa da domekan partidu osoa jokatu ebala aspaldiko partez.
Kontuak kontu, Athleticek erakutsi dau edozein aurkariri aurre egiteko gauza dala. Ez dala inor baino gitxiago, Reala, Real Madrid eta Vila-realen aurka erakutsi dauen moduan. Aurreko denporaldian beste puntu daroaz aurten Valverderen taldeak baina sentsazinoak are hobeak dirala esango neuke. Futbolean, ostera, gauzak goitik behera aldatu daitekez denpora tarte labur baten, Caparrosek ondo azaltzen eban moduan.
Lehiaketak ez dauka etenik eta zuri-gorriek beste azterketa gatx bati ekingo deutsoe bihar Turkian. Partidu gatxa Mourinhoren taldearen aurkakoa. Era berean, aukera bikaina Europako Ligako hurrengo faserako sailkapena ziurtatzeko. Lehia gatxa izan arren, seguru nago Athletic ondo lehiatuko dala Istanbulen. Zuri-gorriek Las Gaunasen jokatuko dabe datorren urteko lehen partidua, kopako final hamaseirenetako kanporaketan. Kontuz ibili beharko da egungo kopako txapelduna errioxarrek Girona eta Eibar kanporatu ditue-eta.