Munuera Monterok txartel gorria erakutsi eutsonean Samu Costari gauza bi etorri jatazan burura, beste Athletic zale askori gertatu jaken moduan: Partidu asko geratzen da jokatzeko eta Valverderen taldeak aukera bikaina dauka garaipena eskuratzeko aurkari gogor baten zelaian. Halanda be, aurretik Athleticek hamar jokalariren aurka aritu danean erakutsi dauen ezintasuna kontuan izanda, ez neukan bape-bape argi zuri-gorriak hiru puntuak eskuratzeko gauza izango ziranik. Valverderen gizonen ezintasunari, aurkariaren sendotasuna gehitu behar jako. Izan be, Jagoba Arrasateren taldeak ondo baino hobeto erakutsi eban hamar gizonegaz be ondo defendidu daitekeela norberaren atea. Kontuak kontu, Athleticek aukera bikaina galdu dau sailkapenean jauzi handia emon eta lehenengo lauren artean sartzeko. Botilea erdi beterik ikusi gura badogu, zuri-gorriek puntu bat lortu eben zelai gatx baten. Erdi hutsik ikusten badogu, ostera, Valverderen taldeak puntu bi itxi ebazan Mallorcan. Egia esateko, partidua zelan joan zan ikusita, Baleareetatik ekarritako puntua sari urria da. Ganera, zoritxarrez, ez da Athleticek bidean ixten dauzan lehenengo puntuak. Danok daukaguz gogoan, Atletico edota Sevillaren aurka azken minutuetan galdutako puntuak edota Gironari oparitutako hirurak Montilivin. Edozelan be, botilea erdi beteta ikusteko arrazoiak daukaguz. Ligan eta Europan jokatutako hamalau partiduetan, hiru baino ez dauz galdu, Bartzelona liderra, Atletico eta Gironaren aurka, Txapeldunen Ligea jokatzen dabilzan hiru talderen aurka.

Ligako lehen hamaika jardunaldiak jokatuta, Athletic bi bider bakarrik geratu da aurkariaren atea zulatu barik. Atletico de Madriden aurka San Mamesen eta Mallorcaren aurka Son Moixen. Ernesto Valverdek partidua amaitu osteko prentsaurrekoa esan eban legez, ezin izan dabe zulorik aurkitu Jagoba Arrasatek antolatutako giza hesian. Kontua da, zuri-gorriak ez zirala gauza izan ia jaurtiketarik egiteko Mallorcaren ateko hiru zutoinen artean. Beste era batera esanda, etxeko taldeak ez eban askorik sufridu, hogeita hirugarren minututik hamar gizonegaz aritu arren. Horrek asko esan gura dau Mallorcaren alde eta ezbaian jarri leike Athleticen erasoko jokoaren eraginkortasuna. Williams anaiak ez ziran gauza izan arriskurik sortzeko hegaletatik, Guruzeta desagertuta egon zan eta Sancetek be ezin izan eban gauza handirik egin Arrasatek jarritako frontoiaren aurrean. Valverdek bigarren zatian zelairatutako jokalariekaz be, egoerea ez zan askorik aldatu. Berenguerren ekarpena ez zan espero bezain ona izan eta Alvaro Djalorena kezkatzen hasteko modukoa da. Bragatik fitxatutako aurrelariak ia bigarren zati osoa jokatu eban baina ez zan ganorazko ezer egiteko gauza izan. Eta ez da lehenengo aldia. Braga taldetik hamabost milioi ordainduta etorritako aurrelariak ez dau bere ustezko kalidadearen barririk emon orain arte Valverdek emon deutsozan aukeretan. Eta izan dira batzuk. Berrehun minutu jokatu dauz, ia Ander Herrerak beste.

Yeray Alvarezen itzulerea izan zan atzoko partiduko barri onenetakoa. Barakaldokoa sasoian egon ezkero, lekua dauka hasierako hamaikakoan Vivianen ondoan. Lan serioa egin eban atzo Mallorcan. Mikel Jauregizar gazteak beste urrats bat emon eban eta gizon garrantzitsua bilakatu da Valverderen taldean. Aurrera begiratuta, garrantzi handiko hiru punto egongo dira jokoan datorren domekan Betisen aurka San Mamesen. l