Ez da bape erraza Girona eta Athleticen arteko partiduan gertatutakoa azaltzea. Ez da erreza ulertzea zelan galdu eban talde zuri-gorriak Montilivin jokatutako norgehiagokea txapeldunen ligako talde bat menderatzeko hainbeste aukera eukita. Onartuezina bezain mingarria izan zan benetan. Izan be, Ernesto Valverderen gizonek hiru penalti huts egin ebezan eta, jakina, holan oso gatxa –ezinezkoa– da partidu bat irabaztea. Domekan Gironan gertatutakoa ez da arin ahaztu behar. Zuri-gorriek jazotakoa ondo aztertu eta ikasi egin behar dabe, entrenatzaileak partidua amaitu ostean egindako adierazpenetan azpimarratu eban lez. Eskertzekoa benetan Iñaki Williamsek egindako autokritika gordina: “Ez dago atxakiarik. Hau ezin da gertatu lehen mailako talde baten” esan eban porrot mingarria jaso ostean.
Athleticek aukera bikaina galdu eban denporaldiko lehen partidu maratoiari amaiera ederra emoteko. Lehenengo minutuetan lekua hartu ezinik egon ostean –dana dala, Gironak ez eban ezer egin Padillaren ate aurrean– zuri-gorriak arriskua sortzen hasi ziran, Sanceten gidaritzapean. Athletic jaun ta jabe zanean iritsi zan aldeko lehen penaltiaren jokaldia. Berenguerri egin eutson faltea area barruan Girona taldeko jokalariak eta nafarrak hartu eban baloia hamaika metroetatik jaurtitzeko. Kopako finalean penalti erabakigarria sartu eban gizonak, ostera, huts egin eban Gazzanigaren ate aurrean.
Handi gitxira, zuri-gorriek ganora bako gola jaso eben, Asprillak egindako erdiraketea inork ikutu barik sartu zan-eta sare barrura. Gironaren aldeko emaitzak ez eban islatzen zelaian ordura arte gertatutakoa, zuri-gorriak etxeko taldea baino gehiago izan ziran-eta. Valverderen taldeak erantzun bikaina emon eutson aurkariak sartutako golari, minutu bi beranduago bardinketaren gola sartuta.
Hortik aurrera hasi ziran gauzak okertzen, Athleticek Sancet -ordura arteko jokalaririk onenetakoa- galdu ebalako golaren jokaldian. Jokalariek aldageletarako bidea hartu ebenean inork ez eban imajinau be egingo bigarren zatian jazo zana jazoko zanik. Hamahirugarren minutuan Danjumak zangotrabatu egin eban Iñaki Williams area barruan eta kapitainak hartu eban penaltia jaurtitzeko erantzunkizuna, Valverdek atsedenaldian holan aginduta. Ezin da penalti bat txarrago bota. Ate erdira eta indar barik. Gironako atezain argentinarrak ahalegin handirik egin barik geratu eban aurrelari zuri-gorriaren ganorabako jaurtiketea. Sinestuezina zan bigarren penalti bat be huts egin izana partidu berean. Epaileak, baina, okerra zuzentzeko aukerea emon eutson talde zuri-gorriari, penaltia barriro jaurtitzeko agindu eban-eta. Ander Herrerak, Manchester United edota Paris Saint Germainen aritutako jokalari beteranoak hartu eban baloia, bere taldea markagailuan aurreratzeko hirugarren aukera garbia baliatzeko asmoagaz. Herrerak be, Williamsen antzera jaurti eban penaltia: erdira eta indar barik. Athletic zale batek baino gehiagok negar egingo eban zuri-gorrien ezintasuna eta trakestasuna ikusita.
Eta futboleko idatzi bako legeak dinoan lez, hainbeste parkatzen dauenak ordaindu egiten dau. Gironakoek argi eta garbi ikusi eben ezin ebela galdu Athleticen aurkako partidua eta garaipenaren bila joan ziran. Hiru penalti huts egin ondoren, Paredesek egindako penalti garbi baten ondorioz galdu eben norgehiagokea. Kontuak kontu, Gironan gertatutakoa ezin da sekula errepikatu, inondik eta inora bez ganera. l