Garrantzi handiko garaipena eskuratu eban Athleticek Las Palmasen zelaian. Bostgarren jardunaldiko norgehiagokea izan arren -ez gara hasiko urgentzia kontuekaz- Ernesto Valverderen taldeak beharrezkoak zituan hiru puntuak, liga hasierako lau jardunaldietan nahi eta merezi baino punto gitxiago lortu ostean. Ganera, datorrenari aurre egiteko auspoa lortu dau talde zuri-gorriak Kanaria Handian irabazita.
Ondo kostatako garaipena izan bazan be, ondorio positiboak atara daitekez Las Palmasen zelaian ikusitako partidutik. Hasteko, eta geldiro-geldiro bada be, aurreko denporaldiko talde indartsua ikusi genduan, lehen zatian batez be. Valverderen gizonek partiduaren bila urten eben lehen minututik eta ez eutsoen arnasa hartzeko aukerarik emon aurkariari. Ganera, erdialde eta atzealdean erakutsitako sendotasunagaz batera -gure atezaina, baina, ez zan bape ondo ibili Las Palmasek sartutako gol bietan-, eraginkortasun handia euki eben aurkariaren ate aurrean. Kontuak kontu, lehen zatiaren lehen orduerdian talde bakarra egon zan zelaian, aurkaria ezinean ibili zan-eta.
Futbolean, baina, gauzak goitik behera aldatu daitekez jokaldi baten. Partiduko epaileak txartel gorri zuzena erakutsi eutson Mikel Jauregizarri Athletic hamar gizonegaz itxita. Ganera, hurrengo jokaldian Las Palmasek Julen Agirrezabalaren atea zulatu eta partiduan sartu zan bete betean. Enator bat erdilari bermeotarrak jasotako kritikekaz. Txartel gorria ikusten dauen jokaldian ahalegin guztiak egiten dauz ez egiteko faltarik aurkariari baina Sandrok estropezu egiten dau zuri-gorriaren hanka bategaz. Aurretik ikusi eban txartel horiari jagokonez, baleiteke ebitetako modukoa izatea, bai, baina Ruiz de Galarretak be txartel horia ikusi eban antzeko jokaldi baten eta ez dau kritikarik jaso. Ez dot uste epaileak egotzi izana erdilari bermeotarraren huts egitea izan zanik.
Txartelak alde batera itxita, Jauregizarrek zein Galarretak lan bikaina egin eben lehenengo zatian. Nire uste apalean, goi mailako bikotea osotzen dabe. Taldeak biziro eskertu dau Ruiz de Galarretaren itzulerea eta Valverdek bigarrenez ipini dau Jauregizar hasierako hamaikakoan, beregan konfiantza handia daukala erakutsita.
Oihan Sancetek denporaldiko hirugarren gola sartu eban Las Palmasen. Beste bat be sartu eban baina balio barik itxi eban epaileak jokoz kanpo egoalako. Sarritan esan izan dot jokalari nafarra erabakigarria dala Athleticen. Ondo jokatzen badau taldeak be ondo jokatzen dau. Eta ezinean badabil, taldeak nabarmen igarten dau. Sancet oso jokalari ona da eta ederto dabil jokatzen liga hasiera honetan. Horregaz batera, Williams anaiak zorrotz dabilz hegaletatik. Kontuak kontu, talde honek indar handia dauka erasora begira.
Sei partidu jokatuko dauz Athleticek hamazortzi egunetan eta las Palmasen lortutako garaipena oso ondo etorriko jako maratoiari aurre egiteko. Izan be, lehen lau jardunaldietan lau punto bakarrik lortu izanak sortu leikezan zalantza guztiak uxatu ditu. Leganesen jokatuko daben partidura begira, Kanaria Handian hasiera hasieratik erakutsitako nagusitasuna ikusi gurako geunke talde pepineroaren zelaian. Garaipena eskuratzea ez da erraza izango, ez, baina Valverderen taldea hiru puntuen bila joan behar da lehen minututik bere jokatzeko modua inposatuta. Izan be, Athleticek ez daki beste erabatera jokatzen eta beste bide bat topetan ahalegintzen danean galdu egiten da.