bermeoko traineruak Kontxako banderaren lehengo jardunaldian erakutsitako nagusitasunak ia emozino barik itxi dau Donostiako estropadea. Inork ez dau argi eta garbi esan gura –egia da Kontxako badian ezusteko handiak gertatu dirala– baina hondamendirik ezean Bou Bizkaiak ez leuke arazorik izan behar Bermeora eroateko urteko banderarik ospetsuena. Alde batetik, trainerurik indartsuena dala erakutsi dauelako. Bestetik 14 segundukoa tarte handia da. Igor Makazagak, Donostiarrako entrenatzaileak domekako estropadea amaitu ostean esan eban lez, hamar segundotik gorako aldeari bueltea emotea ia ezinezkoa da. Azkenik, Kontxan ezustekoak gertatu diranetan, eguraldi txarra egon izan da beti. Datorren domekarako iragarpenen arabera, baina, itsasoa ez da lehen jardunaldian bezain bare egongo baina olatuak metro ingurukoak izango dira. Beraz, Bermeo-Urdaibaik ondo lotuta dauka bere zortzigarren garaipena Donostiako banderan.
Denporaldi honetan sei bider ez da garaile izan Bou Bizkaia Eusko Label Ligako estropadetan. Bosgarren jardunaldian bigarren geratu zan Bilboko banderako erlojupekoan Zierbena irabazlearengandik 86 ehunenekora. Bermeotarrek denporaldi honetan jaso daben porrotik handiena Galizian gertatu zan, Arousan, zazpigarren jardunadian jokatutako estropadan. Orduan Zierbenak ia 10 segundoko aldea kendu eutson Bermeoko traineruari. Hamabigarren jardunaldian, Orion, galipoen aldea zazpi segundo ta erdikoa izan zan. Zarauzko banderaren bigarren jardunaldian, Donostiarrak zazpi segundoko aldea kendu eutson Bermeori eta Getariako estropadaren azken esprinean zortzi ehunenekoa izan gipuzkoarren aldeko tartea. Ondarroan be, Bou Bizkaia ez zan garaile izan baina nagusitu egin zan bere txandan Zierbena eta Donostiarraren aurretik. Kontuak kontu, denporaldi honetan Bermeori ez deutse inoiz hamar segundu baino gehiago kendu estropada baten.
Zarauzko bigarren jardunaldian jasotako porrotak min egin eban Bermeoko arraun elkartean. Garaipenaren bila joan ziran baina ezin izan eben helburua bete Donostiarra gehiago izan zalako. Arantza hori kendu barik euken Bou Bizkaiako arraunlariek Kontxako lehen jardunaldiaren atarian. Ganera, Zarautzen bigarren izan ostean, ezin izan eben eskuratu Ondarroako banderea haizearen eraginez eta galdu egin eben Getariakoa be azken esprint istu baten. Kontuak kontu, amorratuta ekin eutsoen domekako lehiari eta urteko estropadarik onena egin eben, trainerurik indar-tsuena dirala berretsita. Bitxikeri moduan esan, Kontxaren lehen jardunaldian Iker Zabalak ontziratutako ekipoan aldaketa bakarra egoala Zarautzen galtzaile izan zanagaz alderatuta.
Zierbenari oso gatx ipini jako Donostiako banderea irabazteko bidea. Halandabe, ezin da esan galipoek estropada makala egin ebenik lehen jardunaldian, Bermeogaz 14 segundo galdu arren, ganerako lehiakide guztien aurretik sailkatu ziran-eta. Hori, bai, denporaldiaren bigarren erdialdeko emaitzak ikusita, pentsa lei Zierbenaren errendimenduak apur bat behera egin dauela. Entrenatzailea bera be ez zan gustura geratu domekan bere gizonek egindako estropadeagaz, alde teknikoari erreparatuta batez be.
Azkenik, zoriondu egin behar da Kaiku arraun taldea traineru bi sartu dituelako urteko banderarik garrantzitsuenean. Emakumezkoen ontzia azken postuan sailkatu bazan be, oso hurre ditu Hibaika eta Chapela. Gizonezkoek, oso estropada ona egin eben domekan eta atzetik itxi ebazan Getaria eta Cabo. Seigarren postu horri eustea izango da helburua bigarren jardunaldirako.