Sendotasunaren garrantzia
Oporraldiaren osteko lehen eguna ez da erraza izaten inorentzat, kazetaria izan zein suhiltzailea izan. Aldats gora gogorra izaten da egunerokotasunera itzultzea oporraldiko anarkia gozoa alde batera itxita. Athleticeko jokalariak aspaldi itzuli ziran lanera, garagarrilaren bigarren astetik ia egunero Lezaman jardun dira-eta. Zuri-gorriek liga txapelketako lehen partiduan egin ebena ikusita, ostera, batek baino gehiagok pentsauko eban lehiaketak ezustean harrapau dituela Valverderen gizonak, oporraldian hondino. Normala da lehen partiduan huts egiteak izatea, beti gertatzen dira-eta. Edozelan be, gatxa da ulertzeko zelan urten eben Athleticeko jokalariak San Mamesko bedartzara Getaferen aurkako partiduan, intentsidade eta bizitasun barik. Bordalasen jokalariek gorputz eta arima ipini eben jokaldi guztietan, beti egiten daben moduan. Zuri-gorriak, ostera, erdi lo ibili ziran. Eta jakina, bata eta bestearen jarrerea ikusita, esan beharrik ez dago baloia eskuratzeko lehia guztiak bisitarien aldekoak izan zirala.
Beti esan izan dot, sailkapeneko goialdean ibili gura dauen edozein taldek sendotasuna erakutsi behar dauela etxeko partiduetan, igazko denporaldian Valverderen taldeak San Mamesen erakutsi ebana. Real Madriden aurka bakarrik galdu eben zuri-gorriek Katedralean eta Athletic denporaldiko talderik onenetakoa izan zan. Getaferi irabaztea gatxa da beti, Bordalasen taldea aurkari gogorra dalako. Halandabe, zuri-gorriak aurretik jarri ziran markagailuan Oihan Sancetek sartutako gol bikainari esker. Gatxena eginda egoanean, Valverderen taldea ez zan gauza izan partidua kontrolpean mantentzeko. Getaferen edozein baloi luzek arriskua sortzen eban Padillaren ate aurrean Athleticeko atzelariak oso bigun ibili ziralako, Uche nigeriarra geratu ezinik. Sendotasun barik ezin da partidurik irabazi. Eta, bardinketaren golaren jokaldian, zer egiten eban Ander Herrerak beste taldeko jokalari handienagaz? Gauza batzuk ez dodaz sekula ulertuko.
Ernesto Valverde hasarre agertu zan partidu osteko prentsa agerraldian –baeukan motiborik holan egoteko– eta argi eta garbi esan eban pilak ipintzeko ordua dala. Bartzelona, Valentzia eta Atletico de Madriden aurka jokatuko dau Athleticek hurrengo hiru jardunaldietan eta espabilau ezean kokoteko gogorrak hartu leikez. Partidu bakar batetik ondorio sakonak ataraten hastea gehiegizkoa izango litzateke, bai, baina Getaferen aurka ikusi genduana ez zan gure gustukoa izan.
Eta espabilau behar diran beste batzuk, Athleticeko futbol arloko arduradunak dira, Mikel Gonzalez buru dala. Erdiko atzelari bat fitxatzeko eskatu dau Valverdek behin baino gehiagotan baina merkatua zarratzeko hamaika egun geratzen diranean, Yeray, Vivian eta Paredes –lesionatuta– bakarrik ditu postu horretarako. Yuri Berchichek eta Iñigo Lekuek postu horretan jokatu leikiela esatea norberaren burua engainatzea da. Ganera, entrenatzaileak argi erakutsi dau, gaur gaurkoz, ez daukala konfiantzarik Bilbao Athleticeko zentraletan. Kontuak kontu, taldeak hutsune handi bat dauka atzealdeko lerroan eta bete egin behar dau, herren geratu gure ez badau behintzat. Ganera, ez dogu ahaztu behar aspaldiko denporaldirik gogorrena jatorkola Athletici lau lehiaketan parte hartuko dau-eta. Itxaron daigun nobedadeak izatea datozen egunetan. Plantilea dagoan moduan ixtea ulergatxa izango litzateke.