Traineru denporaldiaren hasiera ofiziala erakargarria, bai, baina emozino handi bakoa izan da. Bizkaia, Euskadi eta Espainiako txapelketetan jokatutako estropadak ikusgarriak eta ederrak izan dira –Donostiako badian jokatutakoak batez be– itsasoak bere indarraren barri emon ebalako arraunlarien jarduna oztopatuz. Kontua da, irabazle bakarra egon dala hiru estropadetan, Bermeo-Urdaibai, eta bigarren sailkatua be traineru berbera izan da, Zierbena. 10 segundoko aldea egon zan bien artean Bizkaiko txapelketan, 31koa Euskadikoan eta 9koa Espainiakoan. Ganerako ekipo guztiak, oso urrun geratu dira garaipenak eskuratzeko borrokatik. Galipoak Bou Bizkaiaren erritmoari eustea lortu dabe estropaden lehen zatietan baina lehiak aurrera egin ahala amore emon beharra euki dabe. Arestian aitaturiko hiru estropadetan ez dago gitxieneko harrobiko arraunlari kopuru bat ontziratu beharrik eta Zierbenako entrenatzaileak bere ekiporik indartsuena ontziratu badau be ezin izan dau kolokan jarri Bermeoren nagusitasuna. Iker Zabalak be bere kuadrilarik ahaltsuena ontziratu dau Bizkaia, Euskadi eta Espainiako txapelketetako hiru estropadetan, baina ekipo horretan harrobiko arraunlari bi dagoz, Iker Portugues eta Jon Unanue. Honegaz guztiagaz esan gura dot, leitekeena dala Zierbenaren errendimenduak beherakada bat izatea Eusko Label Ligako estropadetan harrobiko hiru arraunlari ontziratu beharko dituela kontutan izanda. Iker Zabalak, ostera, aldaketa bakarra egin behar izango dau, hirugarren harrobiko bat sartzeko. Ez dakigu noraino helduko dan aurten Bou Bizkaia, denporaldia hasi baino ez dalako egin. Orain arte ikusitakoaren arabera, baina, Bermeo-Urdaibai inoiz baino indartsuago dago eta ganera pentsa lei asmau egin dabela igazko denporaldiaren amaieran taldea itxi eben arraunlarien ordez ekarritako gizonak aukeratzeko orduan. Bermeoko traineruaren monologoa ikusi dogu orain arteko estropadetan. Ez da kolorerik izan edo egon dan kolore bakarra Bermeoko urdina izan da. Zierbena kenduta, ligea eta banderak irabazteko ganerako hautagaiak, urrun, oso urrun geratu dira itsasoa bare zein bizituta egon. Arraunzalearen ikuspuntutik eskertuko geunke lehia istuagoa egotea estropadak irabazteko lehian.
Lekittarrak indartuta urten dau azken astegoien honetan jokatutako estropadetatik. Hasteko, ausart jokatu eben Espainiako txapelketan parte hartzeko izena emonda bandera eskuratzeko aukerarik euki barik. Lekeitiarrak ez ziran fin ibili sailkatzeko estropadan eta ez eben lortu final nagusirako txartela. Hurrengo goizean, baina, estropada bikaina egin eben goi mailako trainerua dirala erakusteko. Txandako lehiakideei alde handiak kentzeagaz batera, hobetu egin ebezan Hondarribiaren eta San Juanen denporak. Ez da gitxi.
Autortu behar dot pena bat izan zala Bizkaiko emakumezkoen trainerurik ez ikustea astegoienean Donostian. Eta aurten be, ez dogu ordezkaririk izango Euskotren Ligan, emakumezkoen arraunketearen gorengo mailan. Gero eta neskato gehiago dabilz arraunean Bizkaiko taldeetan baina zeozer gertatzen da senior mailarako jauzia emoteko orduan. Ondo aztertu beharreko kontua da hau. Sikiera, Bizkaiko hiru arraunlari egon dira Euskadiko txapelketea irabazi eban Arraun Lagunak taldearen traineruan: Mar Larrea ondarrutarra, Andrea Astudillo patroia zierbenarra eta Laura Jaramillo sestaoarra. Zorionak hirurei!