Guzurretan ibiliko nintzateke Realaren aurka Anoetan galdu izana ezustekotzat joten dotela esango baneu. Estadistikak hortxe dagoz eta garbi erakusten dabe Donostiakoa ez dala zelai erosoa zuri-gorrientzat, aspaldiko urteetan behinik behin. Hemeretzi bider jokatu dau Athleticek mende honetan Realaren aurka Anoetan –lau denporalditan ez zan derbirik jokatu- eta lau garaipen baino ez dauz lortu, bakarra azken hamabi partiduetan. Beraz, ezin esan auzokoaren zelaitik esku hutsik itzultzea kontu barria danik. Ganera, Realak ondo mereziduta eskuratu eban garaipena, Athletic baino hobea izan zan zalako Unai Simonen zein Alex Remiroren ate inguruetan. Ez dago bueltarik. Hori bai, Ernesto Valverdek ondo aztertu beharko dau Donostian gertatutakoa. Gol aukerak saretaratzeko orduan aurkaria eraginkorrago ibili zala esatea ez da nahikoa. Zuri-gorriak ez eben asmau Remiroren ate aurrean euki ebezan aukerak gauzatzeko orduan, ez, baina Realak erraztasun gehiegi euki ebazan Unai Simonen atea zulatzeko. Imanolen taldeak sartutako hiru goletako jokaldiak ondo aztertu behar dira.

Futbola pilo bat aldatu da azken urteetan eta eta gauza gehienetan ez dot uste onerako izan danik. Teknologiak sekulako garrantzia hartu dau eta partidu bat jokatu ostean entrenatzaileak badaki zenbat kilometro korridu dauzan jokalari bakotxak, zenbat taupada izan dituen euren biho-tzak eta zenbat bider egin daben daministiku. Orain dala urte ba-tzuk arte, klub batek entrenatzaile bat fitxatzen ebanean, berau bakarrik ala laguntzaile bategaz joaten zan. Gaur egun, ostera, dozena erdi laguntzailegaz heltzen dira –Mendilibar izan ezik– eta antza, bakotxak bere zeregin zehatza dauka. Bielsak hiru laguntzaile ekarri ebazan eta Marcelinok traineru bat beteteko beste lagun.

Partidu bat jokatu aurretik, talde bakotxeko entrenatzaileak ondo baino hobeto daki zelan jokatzen dauen aurkariak, jokalari bakotxak ezkerrerantz edo eskoirentz egiten dauen baloia jasoten dauenean edota korner gehienak lehenengo zutoinera edo bigarrenera ataraten dabezan. Ikaragarria da. Futbola, baina, betikoa da eta betiko lekuetan erabagiten da. Oinarrizko gauzetan. Futbolaren oinarrizko gauzak ondo egin ezkero, garaipena ez da urrun ibiliko. Eta Athletic ez zan fin ibili oinarrizko gauza horreetan. Realaren lehenengo golean, Valverderen gizonek ez eben ondo defendidu hegal batetik egindako erdiraketea. Vivian, Yeray eta Yuri ez ziran gauza izan baloia urrun-tzeko eta beste taldeko zentralak errez zulatu eban Simonen atea. Bigarren golaren jokaldiak ez dau estrategia eta scouting askorik behar. Baloi luzea, buruz luzatu, erdiratu eta barrura. Jokaldi horretako lehia guztietan zuri-urdinak nagusitu ziran eta, ganera, Kubok bakar bakarrik egin eban azken errematea. Eta hirugarren golaren jokaldiaren sorreran, zer egiten dau atezainak hain urrun bere atetik? Txarto atara, goitik barriro aurkaria nagusi, aldaratzea Zubimendiri emon eta Oiarzabalen gola. Kontuak kontu, Athleticeko jokalariak txarto ibili ziran futbolak oinarrizko dituen gauzetan eta holan ez dago partidurik irabazterik.

Anoetan garbi geratu zan Sancet eta Galarretak daukien pisua Athleticen. Eurak barik taldeak asko galtzen dau erasoan. Eta azkenik, hausnarketea merezi dauen datua: Etxeko taldeak, Realak, Athleticek baino askoz falta gehiago egin ebazan. Eurek gehiegi ala gitxiegi geuk?