Sarritan aitatu dot irabazteko eta irabazteko moduak dagozala. Urdaibaik Kontxako banderearen jardunaldi bietan nagusituta eskuratu dau Donostiako banderea trainerurik indartsuena dala erakutsita. Eta estropada bietan, bere aurkari nagusiak ez ziran beragaz batera lehiatu, aurreko txandan baino. Eta esan beharrik ez dago, estropada eremuaren baldintzak aldatu egiten dirala beti, gitxi-asko, onerako-txarrerako, txanda batetik bestera. Halanda ze, erlojupekoak egin behar izan ebazan domeka bietan, eta batan zein bestean, gauzak oker izan zituan ziabogan. Lehen jardunaldian Hondarribiarekiko hamabi segundu galduta eukazala ekin eutson estropadearen bigarren zatiari. Bigarren jardunaldian, bost segundu kendu eutsozan Zierbenak lehenengo luzean eta banderea galtzeko arriskuan egon zan, lehen domekan lortutako aldea zortzi segundo eskasekoa zan-eta. Kontxako jardunaldi bietan gauzak okerren eukazanean etorri da Bou Bizkaiako mutilen erantzuna, ekipo handiek egiten daben moduan. Amore emon beharrean euren burua atzetik ikusita, Bermeoko traineruak txikitu egin ebazan aurkari guztiak estropada bien bigarren zatietan. Ziabogatik helmugara, hamahiru segundu jan eutsozan Hondarribiari lehen jardunaldian eta bederatzi Zierbenari bigarrengoan. Eta hori guztia, txanda ezbardinetan arituta. Itzela benetan.

9

En imágenes: Urdaibai se adjudica la bandera de La Concha Arnaitz Rubio

Donostiako banderearen bigarren jardunaldia jokatu aurretik, inoizko Kontxarik irekiena zala idatzi neban egunkari honetan, sailkapeneko lehen bost taldeen arteko aldea inoizko txikiena zalako. Halanda ze, bigarren domekako estropadea hasi aurretik, Urdaibaik, Hondarribiak, Donostiarrak, Oriok eta Zierbenak aukerak eukiezan denporaldiko banderarik preziatuena eskuratzeko. Teorian, bai. Lehiaketak, ostera, garbi erakutsi deusku traineru bat, Urdaibai, beste guztien ganetik dagoala, nabarmen ganera. Bermeoko ontziak lau segundu baino ez eutsozan kendu Zierbenari baina txanda ezbardinetan lehiatu ziran. Bou Bizkaiagaz batera ohorezko txandan lehiatu ziran hiru ontziek, Hondarribiak, Donostiarrak eta Oriok minutu erdi inguru galdu eben. Zenbakiek garbi erakusten dabe Urdaibairen nagusitasuna ganerako ontziekiko.

Estropada bi baino ez dira geratzen traineru denporaldiari amaierea emoteko. Ezusteko handirik ezean, Urdaibaik irabaziko dau Eusko Label Ligea. Bederatzi puntuko aldea kentzen deutso bigarren sailkatuari eta zapatuan garbi dago Bermeoko banderea irabaztera urtengo dabela. Ganera, iragarpenen arabera, itsasoa nahiko bare egongo da eta horreekaz baldintzakaz ezustekoak egoteko aukerak asko murrizten dira.

Astegoien garrantzitsua, oso garrantzitsua izango da Bizkaiko traineru birentzat: Kaikurentzat emakumezkoetan eta Santurtzirentzat gizonezkoetan. Sestaoko traineruak Euskotren Ligara igoteko play offa jokatuko dau, Zumaia eta Hibaikaren aurka. Zapatu-domekako estropada bietako postuak eta denporak batu ostean, sailkapeneko lehenengoak bakarrik eukiko dau Euskotren Ligan lehiatzeko aukerea datorren denporaldian. Kontxaren bigarren jardunaldian ikusitakoaren arabera, parekotasun handia dago hiru lehiakideen artean.

Santurtzik aurkari gogorrak eukiko dauz Eusko Label Ligearen play offean: Lapurdi, San Pedro, Bueu eta Ares. Kontxarako sailkatzeko estropadan ikusitakoaren arabera, Ares, Lapurdi eta Santurtzi dira hautagai nagusiak sailkapeneko lehen postu bietan amaitu eta Eusko Label Ligan aritzeko datorren denporaldian. Asko dago jokoan eta urtero lez, lehen estropadea, Bermeokoa, erabakigarria izango da.