Eusko Label Ligearen azken bederatzi estropadetatik zazpi traineru batek irabazi dauz, Urdaibaik. Ganera, azken lehian, Lekeition, Bou Bizkaiak alde handiak kendu eutsiezan ganerako ontziei. Lehiaketea amaitzeko zortzi jardunaldi geratzen badira be, Bermeoko traineruak ondo bideratuta dauka garaipena ligan, sei puntuko aldea kentzen deutso-eta Hondarribiari, bigarren sailkatuari. Beraz, orain arte jokatutako hamaika estropadek garbi erakutsi deuskue traineru bat beste guztien ganetik dagoala. Baina, zelan aldatu daitekezan gauzak egun gitxiren barruan! Garagarrilaren 30ean, Santurtziko banderearen bigarren ziabogan, lan erditan, Hondarribia egoan estropadaren buruan eta Urdaibai hamargarren behin behineko sailkapenean. Norgehiagokea holan amaitu izan balitz, Ama Guadalupekoa jarriko zan sailkapeneko lehen postuan, Urdaibairi zazpi puntuko aldea kenduta. Hurrengo hamar minutuetan ostera, Bou Bizkaiako arraunlariek gorputz eta arima ipini eben egoerea iraultzeko eta eutsi egin eutsoen lidergoari denporaldiko erakustaldirik ederrena eginez. Horrek garbi erakusten deusku, arraunean gauzak goitik behera aldatu daitekezala estropada baten, Hondarribiari igaz Getariko banderan gertatu jakon lez. Beraz, Bermeoko trainerua nagusi izan arren, gauza asko gertatu daitekez ligea amaitu bitartean.

Zierbena egiten dabilen lan bikaina nabarmendu gurako neuke. Dani Perezen taldeak garaipen bategaz ekin eutson denporaldiari baina ez dau barriro banderarik astintzeko aukerarik izan hurrengo hamar jardunaldietan. Galipoen ekinak saririk izan ez badau be, lehiakor izan dira estropada guztietan. Azken norgehiagoka bietan, ganera, Hondarribiaren aurretik sailkatuta, bost puntura hurreratu jako Eusko Label Ligearen sailkapen nagusian.

Santurtzi agertzen jaku txanponaren beste aldean. Sei estropada baino ez dira geratzen mailea nork galduko dauen eta play off zeinek jokatu beharko dauen erabagitzeko eta Soteraren egoerea gero eta larriagoa da. Izan be, sailkapeneko hamargarrena, Ondarroa, oso urrun dauka, hamasei puntura hain zuzen. Jaisteko postuan dagoan Meira, ostera, hiru puntura hurreratu jako Itsasoko Ama arraun taldeko traineruari. Lasaitasunari eutsi eta erabagiak hartzeko unea da. Santurtzi arraunean ikusi dauenak ez leuke pentsauko sailkapeneko zuloan dagoanik. Suerte txarrak eta erabagi okerrek eroan dabe dagoan lekura. Amildegiaren ertzean egon arren, badauka gaitasunik bizirik irauteko, ‘play-off’-a jokatu behar badau be.

Lekeition badaukie pozik egoteko arrazoirik. Isuntzako trainerua sailkapeneko zortzigarren postuan dago eta urrun baino urrunago dauka promozino postua. Beraz, denporaldirako helburua –maileari eustea hain zuzen be– bete egin dabe hamaika jardunalditan. Berantz barik, gorantz begira dago Lekittarra. Izan be, oso hurre daukaz sailkapenean aurretik dituen Cabo eta Getaria. Kaiku eta Ondarroa be lasai egoteko moduan dira.

KAE 1 ligan, Arkotek sendo eusten deutso Eusko Label Ligara igoteko ‘play-off’-erako postua lortzeko borrokari. Puntu bira baino ez dauka San Pedro ligea amaitzeko lau estropada geratzen diranean. Gauza bera esan geinke Deusto eta Busturialdearen arteko lehiaren ganean. Puntu bi dagoz bilbotarren alde promozino postua ekiditeko borrokan.

ETE ligan, Kaiku garaipenaren bidera itzuli da eta istripurik ezean Euskotren Ligara igoteko play offean egongo da irailean. KAE 2 ligan Portugaletek be sendo eusten deutso bigarren postuari hiru estropadaren faltan.