Europa eskura
HIRU jardunaldi baino ez dira geratzen liga txapelketea amaitzeko eta Athletic sailkapeneko zazpigarren postuan dago, datorren denporaldian Europan jokatzeko aukerea emoten dauen lekuan. Conference Leaguerako sailkatzeko borrokan dabilzan taldeen artean, Ernesto Valverderenak bakarrik lortu dau garaipena azken jardunaldian. Osasunak, Gironak eta Rayo Vallecanok galdu egin dabe eta Sevillak bapezna bardindu dau etxean Betisen aurka. Kontuak kontu, Athleticek bere eskuetan dauka datorren denporaldian Europan jokatzeko aukerea lortzea, aurkariek egiten dabenaren zain egon barik. Ganera, azken lau jardunaldietako bolada txarrari amaierea emon deutso. Beraz, ezin esan talde zuri-gorria egoera txarrean dagoanik ikasturte hasieran jarritako helburua beteteko.
Athleticek irabazi beharra eukan zelan edo halan Celtaren aurkako partidua Europarako sailkatzeko aukerak bizirik mantentzeko, aurreko lau jardunaldietan puntu bakarra eskuratu ostean. Ligea amaitzeko hain gitxi geratzen danean, garrantzitsuena ez da ondo jokatzea, hiru puntuak eskuratzea baino. Eta Athleticek garaipena lortu eban. Egia da, zapatukoa ez zala izan zuri-gorriek denporaldian Katedralean egindako partidurik onena, ez. Beste batzuetan, baina, hobeto jokatu eta aurkaria baino gehiago izan arren, Valverderen taldea ez da garaipena eskuratzeko gauza izan. Horregaitik, daukan garrantzia emon behar jako Celtaren aurkako partidua irabazi izanari, erakutsitako jokoaren ganetik. Ganera, hiru puntuak eskuratu arren, zapatuko partiduan ikusitakoak baikor egoteko arrazoirik emoten ez badau, zer pentsauko dabe Osasuna, Girona edota Rayo Vallecanoren zaleek euren taldeak galtzaile ikusita. Arestian esan legez, denporaldiko sasoi honetan irabaztea da garrantzitsuena, beste edozein konturen ganetik. Hori bai, garbi dago ondo jokatuta hurbilago egongo dala garaipena.
Seguruenik, Sadarren erabagiko da Athleticek datorren denporaldian Europan jokatzeko aukerea eukiko dauen ala ez. Garaipena lortu ezkero, zazpigarren postua eskuratzeko aukereak indar handia hartuko leuke. Galtzaile izan ezkero, ostera, Europarako bidea zaildu egingo litzateke. Beraz, argi eta garbi esan daiteke Jagoba Arrasateren taldearen aurkako partidua benetako finala dala aurkari bientzako. Ganera, talde biek garaipenaren bila urtengo dabe, bardinketeak ez deutselako askorako balio, etxeko taldeari batez be.
Ezin ukatu finala berbea aitatzeak ez dakargula ezer onik burura. Izan be, Athleticek huts egin dau denporaldi honetan jokatu dituen finaletan: Osasunaren aurka Kopan eta Betis eta Sevillaren aurka ligan. Edozelan be, zuri-gorriak ez ziren garaipena eskuratzetik urrun ibili.
Valverdek ezingo ditu zelairatu Yeray, Ander Herrera eta Dani Garcia. Ganera, ez dakigu Iñigo Martinez sasoiz errekuperatuko dan Osasunaren aurka jokatzeko. Ondarrutarra Sadarren berragertu zan kopako partiduan eta lan bikaina egin eban. Oso-oso garrantzitsua izango litzateke Iñigo Martinez prest egotea ligako azken hiru partiduetarako. Bera barik, taldeak asko galtzen dau defenditzeko zein baloia atzetik atarateko orduan.
Zorrotzak eta erasokorrak Alex Pallares, Bilbao Athleticeko entrenatzaileak zuzendaritza batzordearen aurka egindako adierazpenak. Klubak erantzun egin beharko leuke, Pallaresek salatutakoa larria da-eta. Suerterik onena emakumezkoen taldeari biharko kopako finalaurrekoan.